Gazteen pornografia kontsumoari buruzko prestakuntza saioa egingo dute martitzenean Gernika-Lumon
Berritzeguneak irakasleei, familiei eta gizarteari orohar zuzendutako saioa izango da, eta azaroaren 19an (martitzena) egingo dute Elai Alai areto txikian. 16:30etik 19:00etara bitartekoa izango dela aurreikusi dute.
Gazteak gero eta lehenago hasten direla pornografia edukiak ikusten arrazoi hartuta, Gernika-Lumoko Berritzeguneko elkarbizitza eta hezkidetza esparruko arduradunek prestakuntza saioa antolatu dute. Irakasleei, familiei eta gizarteari orohar zuzendutako saioa izango da, eta azaroaren 19an (martitzena) egingo dute Elai Alai areto txikian. 16:30etik 19:00etara bitartekoa izango dela aurreikusi dute.
Pornografiaren erabilera eta kontsumoa gaztetxoen artean gaur egungo arazoa dela dio Laura Uruburu Gernika-Lumoko Berritzeguneko zuzendariak: “Kontsumoa areagotu egin da gaztetxoen artean, eta gure inguruan ere badaukagu”. Hori horrela, martitzeneko saioa prebentziorako prestatu dutela adierazi du zuzendariak: “Ez dago alarma egoerarik, baina agertzen dira arazoak han eta hemen. Heziketa afektibo-sexuala da bultzatu gura duguna, hezkidetza eta berdintasunaren bidetik”.
Berritzeguneko arduradunek jakinarazi dutenez, ikastetxeetako irakasleak arduratuta daude ikasleek duten pronografia kontsumoaz eta horren erabileraz: “Azkenaldian, ikasleen pronografia kontsumoagaz irakasleak oso arduratuta daudela jakinarazi digute”. Halaber, Balear Uharteetako Unibertsitateak eginiko ikerketa baten arabera, nerabeak gero eta lehenago hasten direla pornografia edukiak ikusten adierazi dute: “Badaude zortzi urterekin pornografia ikusten dutenak”. Ikerketa horren arabera, batez beste, nerabeak hamalau urtegaz hasten dira pronografia kontsumitzen, baina badaude hamahiru urte aurretik hasten direnak ere.
Eduki horien kontsumoaren arrazoietako bat teknologiaren etengabeko hazkuntza dela uste dute Berritzeguneko arduradunek: “Eduki horiek oso erraz eskuratzen dituzte Internet bidez euren telefono mugikorretan”. Gainera, horrelako edukiak kontsumitzeak oso ondorio kaltegarriak izan ditzakeetela diote, batez ere eguneroko bizitzan eta etorkizunean gazte horiek izango dituzten harremanetan: “Eredu ezkorrak bultzatzen dituzte, eta hori zelan kontrolatu eta bideratu behar den jakin behar dugu. Eta hori, denok batera elkarbizitza eta hezkidetza landuz lortuko da”.
Hori horrela, martitzenean Emaize sexologia zentroko Raul Marcos Estrada sexologoak zuzenduko du hitzaldia, eta gai horri buruzko lanketa egingo du. Besteren artean, pornografiako eredu erotikoa zelan lantzen den aztertuko du, bai eta etxean zein irakaskuntza zentroetan gaia zelan landu daitekeen azaldu ere. Gainera, zibersexuari eta sextingari buruz ere hitz egingo du. “Oso interesgarria eta baliagarria izango da saioa, ez bakarrik irakasleentzat, familientzat baita ere”, adierazi du Uruburuk.
Oraingo honetan, bestelako zabalkundea eman diote saioari, izan ere, Berritzegunetik irakasleei bideratutako prestakuntza saioak bultzatzen dituzte, baina gai hau gizarteratu gura izan dutela adierazi dute: “Normalean irakasleei zuzendutako prestakuntza saioak egiten ditugu, baina kasu honetan uste dugu, denok elkartu behar garela. Denok bide bardinetik joateko, bai familian, zein hezkuntzan”. Gizarte eragileei ere bertaratzeko dei egin die,”arazo hau berdintasunaren eta hezkidetzaren bidetik jorratu behar delako”.
Berritzegunearen asmoetako bat. Uruburuk azaldu modura, urte asko daramatzate hezkidetza eta pertsonen arteko berdintasuna bultzatzeko zereginetan: “Hezkidetza eta pertsonen arteko berdintasuna da hezkuntza saileko lan ildo nagusienetako bat”.
Udalerriko Berritzegunearentzat eginkizun bat dela dio Uruburuk, eta ibilbide luzea daukatela esparru hori jorratzen adierazi du. Izan ere, duela 30 urte hasi ziren irakasleei zuzendutako mintegiak antolatzen eskola orduetatik kanpo: “Mari Jose Urrozola etortzen zen saioak zuzentzen. Ardura eta sentsibilitate askogaz landu dugu berdintasuna eta hezkidetza beti, urte assko daramatzagu arlo hori lantzen”.
Aurten, gainera, Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen Bigarren Hezkidetza Planari jarraiki, Berdintasunezko hezkuntza afektibo eta sexuala lantzea erabaki dute: “Plan berriak zortzi zutabe ditu. Puntu guztiak landuko ditugun arren, gure inguruko irakasleen kezkak entzun eta gero, Berdintasunezko hezkuntza afektibo eta sexualari arreta berezia eskaintzea pentsatu dugu”.
Hori horrela, Emakundegaz batera Gune Ibiltariak bultzatu dituzte, eta orain, martitzeneko prestakuntza saioa egingo dute.