Euskara jolasean landuko dute familiek domekan
3 eta 5 urte bitarteko umeei eta euren gurasoei zuzendutako programa da 'Euskara Olgetan Errotu', eta domekan Jai Alai frontoian abiaraziko dute. Esparru ez formalean euskararen erabilpena areagotzeko baldintzak finkatzea du helburu.
Familian euskararen erabilera areagotzeko asmoarekin, urtero bezala hurrengo hiru domeketan haur eta gurasoentzako ekintzak antolatu dituzte, beste behin, URE elkarteak eta Gernika-Lumoko euskara zerbitzuak. 3 eta 5 urte bitarteko umeei eta euren gurasoei zuzendutako programa da domekan Jai Alai frontoian abiaraziko duten Euskara Olgetan Errotu.
Helburu zehatza du ekimenak, “esparru ez formalean euskararen erabilpena areagotzeko baldintzak finkatzea”. Hala, guraso eta umeen arteko harremanak ingurune ludiko batean lantzeko bidea jorratzen du.
Hiru saio egingo dituzte aurten: domekan, azaroaren 24an eta abenduaren 1ean. Lehiaketa formatoa izango du ekimenak, baina ez du lehiakortasuna bilatzen; hain zuzen, gurasoek umearekin zenbait froga gainditu behar izango dituzte binaka. Txokoetan banatuta, ekintzak eta jolas ezberdinak egingo dituzte; besteren artean, euskal jokoak, eskulanak, bertsoak, eskulanak edota ipuinak.
Egun bakoitzean, gainera, gai konkretu batean oinarrituko dira froga horiek. Domeka honetan baserriaren eguna izango da; azaroaren 24an, berriz, herriaren eguna eta abenduaren 1ean jai erraldoia egingo dute Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian.
Egun bakoitzean, gaiari dagozkion elementuak jorratuko dituzte. Domekan, esaterako, ortuan haziak landatu beharko dituzte, eta etartean, berriz, txokor batzean ariko dira. Kortan marraztu edota puzzleak egingo dituzte, eta sutondoan txokolatedun taloak sukaldatu. Sabaian, besteren artean, animalien jolasekin jolasteko aukera edukiko dute.
Ume eta gurasoentzako ekimenaren hiru saioak Jai Alai frontoian egingo dituzte, 17:00etatik 20:00etara.
Hitzarmena. Euskara sustatzeko egitasmo honen xede taldea udalerriko 600 familiek osatzen dute, eta gutun baten bitartez izaten dute ekimenaren berri. Parte hartzaile kopurua, baina, 250 familia ingurukoa izaten da, eta hori oso arrakastatsua dela diote antolatzaileek: “Egitasmoaren xede taldea 600 bat familia dira, eta xede talde horren %35a izaten dugu partaide; 250 familia inguru. Gernika-Lumo bezalako herri ertain baterako oso arrakastatsua da guretzat”.
Hala, euskara sustatzen jarraitzeko eta bien arteko konpromisoak eta zereginak finkatzeko hitzarmen bat sinatu dute UREk eta udaleko zerbitzuak, 7.400 euroko aurrekontuarekin.