Eguraldi txarrari aurre eginda, 100 kantuzale batu ditu Bermeon egindako Kantu Jirak
Datorren urtean berriro batzeko asmoa agertu dute Bermeoko Kanta kanta lorueko eta Gernika-Lumoko Urdaibai kantaguneko kantuzaleek.
Eguraldi txarrari aurpegi eta umore ona jarrita, Bermeoko kaleak euskal kantuz alaitzen ibili ziren zapatuan eskualdeko 100 kantuzale inguru.
Iaz hasitako esperientziari jarraipena emanez, zonaldeko bigarren Kantu Jira egin zuten Bermeoko Kanta kanta lorueko eta Gernika-Lumoko Urdaibai kantaguneko kantuzaleek. Hasiera batean Bakioko kantuzaleak ere Kantu Jiragaz bat egitekoak ziren, baina, azkenean, ez ziren etorri. Hala ere, hurrengo hitzordu baterako prest agertu direla azaldu du Kanta kanta lorueko koordinatzaileak: «Antza denez, Bakion ez dira gure moduan hilean behin batzen, tarteka batzen omen dira. Zapatuan, halere, hango pare bat kantuzale hurbildu zitzaizkigun, eta Bakiora joateko gonbidapena luzatu digute». Hortaz, hurrengo Kantu Jiran ere bi talde izan beharrean hiru balira «ongietorriak» izango liratekeela zehaztu du.
Gernikako kantuzaleei ongietorria eman ostean, Taraskan egin zuten lehenengo geldialdia, bigarrena Erriberan, eta ostean, Lameran eta portuan aterpeak bilatzen ibili ziren. Arratsalderako aurreikusita zeukaten kalejira bertan behera utzi zuten, eta Kafe Antzokian bertan luzatu zuten bazkal ostekoa.
Kanta kanta lorueko koordinatzailearen ustez, eskualdeko Kantu Jira ohitura bihurtzen ari da, eta datorren urtera begira, berriro batzeko asmoa agertu dute. Hala ere, hitzordua irailera aurreratzea ondo legokeela uste du, «eguraldi hobeagoagaz eta argi gehiagogaz».
Bermeotarren asmoak. Ideia «polit» bat ere badaukate buruan: «Bermeoko antzinako harresiko zazpi ateetatik, posible bada, Urdaibaiko zazpi talde batu eta talde bakoitza ate batetik kantuan ateratzea gurako genuke, ondoren, denak punturen batean batu eta Kantu Jira egiteko». Ideia hori oraindik, baina, ametsa dela diote; «gutxi-gutxika joango gara».
Bitartean, Kanta kanta loruekoek azaroaren 22an daukate hileroko hitzordua Bermeon. EiTBko saio batean parte hartzeko grabaketak egingo dituzte, bestalde, hilaren 15ean, eta EITB maratoirako ere zerbait egiteko