Zortzi kazola aurkeztu dituzte Foruko karakol txapelketara
Epaimahaiaren arabera, kazolarik gozoena 'Ariane' izenekoa izan zen; hala ere, parte hartzaile guztientzako sariak banatu zituzten.
Sanmartinak ospatzeko egitarau zabala prestatzen du urtero Foruko Udalak, eta aurten ere hala egin dute. Barikuan hasi ziren ospakizunekin, eta gaur, santuaren egunean amaituko dituzte jaiak.
Atzo, Foruan ohikoa duten karakol txapelketa lehiatu zuten; euripean, baina, egin zuten. Aurtengoa, txapelketaren 40. aldia izan da, eta zortzi kazola aurkeztu zituzten. Epaimahaikideen arabera, kazolarik gozoena Ariane izenekoa izan zen. Miren Bermeo izan zen bigarrena, eta Laka, berriz, hirugarren sailkatua. Hala ere, parte hartzaile guztientzako sariak banatu zituzten.
Eguerdirako, Urdaibai Dantza Taldeko umeen erakustaldia zegoen aurreikusita; hala ere, eguraldi txarragatik, bertan behera geratu zen. 18. nekazal azoka ere atzo egin zuten, eta bertaratutakoek ortuariak, artisauak eta beste hainbat produkturen erakusketa, salmenta eta dastaketaz gozatu ahal izan zuten.
Zapatua, lehiaketekin beteta eduki zuten foruarrek; igel eta mus txapelketak lehiatu zituzten lehenengo, eta idi probekin amaitu zuten eguna. Sanmartinetako azken txapelketa gaur lehiatuko dute, 17:30ean jokatuko da briska txapelketa Urdaibai tabernan.