Jesus Mari harategiak egiten duen buzkentza izan da gozoena epaimahaikideentzat. Bigarren saria Bermeoko Jeronimo harategiak jaso du, eta hirugarren saria ere Bermeon geratu da, Anaiak harategiari eman diote.
San Martin eguna gaur bada ere, atzo egin zuten Bermeon sanmartinetako azoka. Hainbat harategik eskainitako txerrikia izan zen azokako protagonista nagusia, hala ere, beste hainbat produktu ere jarri zituzten herritarren eskura: euskal pastela, gazta, eztia, txakolina, patea, lorak…

Landabaso harategiaren erakusmahaia
Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, eguerdi aldera, baina, aterkiak zabalik ikusten hasi ziren Lameran. Herritar askorentzat ohikoa da egun horretan azokara hurbildu eta harategiek eskaintzen dituzten txerrikiaz egindako pintxoak dastatzea.
Azokagaz batera, Andeko tabernak antolatzen duen XVIII. odoloste txapelketa ere lehiatu zuten. Aurten, epaimahaikideek 22 harategitako buzkentzak dastatu zituzten. Buzkentzik gozoena zein den aukeratzeko orduan, aurkezpena, egosketa puntua eta gustua kontuan izaten dituzte epaimahaikideek. Sariak banatu orduko, parte hartzaile guztiak zoriontzeko tartea hartu zuten, aurtengo kalitatea “oso ona” izan zela nabarmenduta.
Hala ere, hiru gozoenak aukeratu behar zituzten, eta aurtengo buzkentzik gozoena Gernika-Lumoko Jesus Mari harategiak egiten duena izan da epaimahaiaren arabera. Bigarren eta hirugarren sariak, berriz, Bermeon geratu ziren; Jeronimo eta Anaiak harategiek jaso zituzten, hurrenez hurren. Urtero, gainera, azokako erakusmahairik politenak saria jasotzen du, eta aurten, Bermeoko Landabaso harategiarentzat izan da.
Jesus Mari Martija “oso pozik” zegoen lehenengo sariarekin. Sari ugari jasotakoak dira, baina sekreturik ez daukala dio, bertoko produktua erabiltzea baino ez: “baserriko porrua eta tipula gorria, eta ondo egiteko norberaren gogoa”. 30 urte daramatza buzkentzak egiten, eta sariek lanean jarraitzeko “gogo handiagoa” ematen dutela dio Martijak.























































