Koba eta leizeak bisitatzeko urteroko hitzordua dute zapatuan Goi Zale Mendi taldekoek
Laugarren urtez jarraian, azaroko bigarren zapatuan Urdaibaiko kobak eta leizeak bisitatzeko irteera egingo dute. Aurten, Mundakan hasi eta Gernika-Lumon bukatuko dute ibilbidea.
Mundakan hasi eta Gernika-Lumon bukatuko dute zapatuko medi irteera Goi Zale Mendi Taldekoek. Laugarren urtez jarraian, azaroko bigarren zapatuan Urdaibaiko kobak eta leizeak bisitatzeko irteera egingo dute.
Iaz Nabarnizko eta Ereñoko inguruak zeharkatu zituzten, aurten, berriz, 17 kilometroko ibilbidean zehar Mundakako, Sukarrietako, Busturiako, Muruetako eta Foruako koba, leize, urzulo eta ubegiak ikusi eta bisitatuko dituzte, betiere eguraldiak laguntzen badu. “Kobetara sartu gura dugu, baina eguraldiaren arabera moldatu beharko gara”, azaldu dute arduradunek.
Santa Katalinatik hasiko da ibilbidea, eta Andra Mari eliza eta Portuondo igarota iritsiko dira Sukarrietara. Txatxarramendi irla ikusi eta Axperantz joango dira, gero San Bartolome eta Altamira auzoak zeharkatzeko. Mallukuko hariztia ikusi eta gero, Foruko kanterara abiatuko dira, eta Urberuaga auzotik iritsiko dira Gernika-Lumora.
07:30etan jarri dute irteera-ordua Gernika autobus geltokian, eta jakitera eman dutenez, bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du oraingoan.
Izen ematea doakoa da. Aurretiaz izena eman gura dutenek, 639 64 67 23 edo 94-625 84 78 telefono zenbakietara deitu edo goizale@goizale.com posta elektronikora mezua bidali behar dute. Goi Zaleren lokalean ere izena eman ahalko da bihar, 20:00etatik 21:30era. Izena ematean datu hauek jarri behar dira: izena, abizenak, herria, kluba (baten batekoa izanez gero).