Eskualdeko kontratazioa sustatzeko 182.033 euro bideratuko ditu Lanbidek
Enpresek jasoko dituzten diru laguntzak lan kontratuen iraupenaren araberakoak izango dira, gutxieneko laguntza 3.000 eurokoa izanda eta gehienezkoa 6.000 eurokoa delarik. Martxoaren 27a da eskaera egin daitekeen azken eguna.
Gernikako Lanbide Ekimenak, Lanbidek eta Bermeoko Behargintza erakundeak 182.033,37 euroko diru laguntzak eskainiko dizkie Busturialdeko enpresa eta irabazi asmorik gabeko erakundeei, langabezian dauden pertsonak kontratatzeko asmoagaz.
Busturialdeko udalek enpresei diruz laguntzeko asmoak eta irizpideak zehaztu dituzte, eta laguntza horiek emateko tramiteak kudeatuko ditu Lanbidek.
Gizarte segurantzagaz 3 hilabete edo gehiagoko lanaldi kontratuak bideratzeko emango diren diru laguntzak dira. Laguntzak langileen soldataren zati bat ordaintzeko ahalmena emango die enpresei, eta 2019ko martxoaren 26tik 2020ko martxoaren 9ra bitartean kontratatu duten enpresei zuzendutakoak izango dira.
Kontratuen arabera. Enpresek jasoko dituzten diru laguntzak lan kontratuen iraupenaren araberakoak izango dira, gutxieneko laguntza 3.000 eurokoa izanda eta gehienezkoa 6.000 eurokoa delarik. Gutxieneko diru kantitate hori, 3 hilabeteko lanaldi osoko kontratuei bideratuko zaie eta gehienezkoa, 6 hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratuei; beti ere jasotako laguntza soldataren kostuaren %75 baino txikiagoa bada.
3 eta 6 hilabete arteko kontratazioen kasuan, diru laguntza lan egindako denboraren araberakoa izango da, eta ez dira diruz lagunduko %50etik beherako lanaldi erdiko kontratuak, ez eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak ere.
Enplegu gabeko pertsonak kontratatzeko eta tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko finantzatutako laguntzetatik %40 enplegu gabeko emakumeak kontratatzera bideratuko dira.
Martxoaren 27a da eskaera egin daitekeen azken eguna eta inprimakia Lanbide Ekimenak zentroan edota webgunean –www.lanbide-ekimenak.eus– eskura daiteke. Dokumentazioa Lanbide Ekimenak Ekintzailetza Zentroaren erregistro orokorrean –Alondegia kalea, 6, Gernika-Lumo– aurkeztu beharko da astelehenetik ostiralera bitartean, 08:00etatik 15:00etara bitartean. Informazio gehiagorako telefonoa: 946255758.