Bertso saioagaz hasiko dira aurtengo azaroko asteburuak Bolatokian
Zapatuan, Oihana Iguaran eta Etxaun Lekueren bertso saioagaz hasiko dituzte ekintzak. Ibilaldia, umeentzako mahai jokoak, bertsolariak, gaztainerre eta zinema ikusteko aukera... denetariko ekintzak antolatu dituzte herriari bizia emateko asmoz.
Natxituko Jai Batzordeak antolatuta eta Eako Udalaren laguntzagaz, azaroko asteburuetarako ekintza ugari antolatu dituzte Natxituko Bolatokian. Zapatuan emango diote hasiera egitarauari, eta astebururo, egongo da zer egin Bolatokian.
Ibilaldia, umeentzako mahai jokoak, bertsolariak, gaztainerre eta zinema ikusteko aukera… denetariko ekintzak antolatu dituzte. Orain dela hamar urte hasi ziren antolatzen Natxituako kuadrilak herriari bizia emateko asmoz, eta oraindik ere lan horretan diraute: “Natxituan zegoen taberna bakarra itxi zuten, eta herriari bizia eta herritarrei zerbitzu bat emateko asmoz, Bolatokia taberna bezala erabiltzen hasi ginen”.
Baina zerbitzu hori ez zen nahikoa izan, eta azaroko asteburuetan ekintza gehiago egitea pentsatu zuten: “Bolatokiari bizi gehiago emateko, azaroko asteburuetan gauzak antolatzen hasi ginen. Zapatuetan eta domeketan ekintzak egiten ditugu, asteraren arabera”.
Aurreko urteetako arrakasta ikustia, gogoz antolatzen dituzte azaroko ekintzak. Hori horrela, prestatzen dituzten ekintzak adin eta gustu guztietako herritarrentzat antolatzen dituztela zehaztu dute: “Aurreko urteetan kontzertuak egin ditugu, baina kontzertuetara jendea gerturatzea gehiago kostatzen da”.
Ekintzak arrakastatsuak izaten dira, eta herritar zein inguruetako bizilagunei Natxituara gerturatzeko deia egin diete. Dagoenerako, 60 pertsonak eman dute izena etziko bertso saiorako. Oihana Iguaran eta Etxaun Lekue egongo dira bertan.
Gainera, Bolatokiko taberna domeketan 11:30etik 15:00etara bitartean zabalik egongo da, eta pintxoak ere egongo dira. Asteburu bakoitzean herriko kuadrila hartzen du tabernaren ardura.
Egitaraua
Etzi.
14:00. Bertso bazkaria Oihana Iguaran eta Etxahun Lekuegaz bertsolariekin.
Azaroak 10, domeka.
12:00. Kantaldia.
Azaroak 16, zapatua
19:00. Sagarren denbora dokumentala eta berbaldia. Gero, txokolate jana.
Azaroak 23, zapatua
11:30. Iturri zaharrera ibilaldia umeekin.
18:00. Taloa egiteko tailerra, eta talo jana.
Azaroak 30, zapatua
18:00. Ipuin kontalaria. Ondoren, gaztainerre eta txistorra jana egingo dute.