"Gaur egun euskal feminismoa deritzoguna 60ko hamarkadan hasi zen gorpuzten"
Euskal emakume langileen historia lantzen duen ‘Euskal Langile Andreak. Antzinako erregimenetik kapitalismora’ idatzi du Valerok, eta Gernika-Lumoko Iñurri Gorria Liburudendan aurkeztuko du etzi.
Euskal langile emakumeen errealitatea ezagutaraztea helburu duen liburua kaleratu du Oiane Valero Belasko historialari bilbotarrak. Liburuaren izenburuan ageri diren zapalkuntzak mahaigaineratu ditu: langile, emakume eta euskalduna izateagatik euskal andreek sufritutakoak. Kapitalismo garaia landu du sakon, eta 60ko hamarkadan sortutako euskal feminismoa landuz bukatu du liburua. Urrian Bermeon aurkeztu zuen lana, eta etzi Gernika-Lumoko Iñurri Gorria Liburudendan egongo da 19:00etatik aurrera.
Liburuagaz euskal langile andreen egoera aztertu duzu antzinako erregimenetik kapitalismora.
300 urteko historia jasotzen du liburuak. Urte askotako historia landu dugu, baina helburu nagusia euskal andre langileak kapitalismoaren sortze eta garatze prozesuan kokatzea izan da. Batez ere, izenburuan ageri diren hiru zapalkuntzak azaleraraztea bilatu dugu. Euskaldunak eta langileak garen heinean zapalduak garela eta andre izateagatik genero zapalkuntza sufritzen dugula erakustea izan da gure helburua. Antzinako erregimenetik kapitalismorako bilakaera jaso dut, 70ko hamarkadara artekoa gutxi gorabehera.
“Lanpostu feminizatuetan lan egiten du emakumeen gehiengoak”
Zergatik aukeratu duzu garai tarte hori?
IPES elkarteak emandako beka baten ondorioa da liburua, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun gaur egungo egoera ulertzeko gertatutakoa aztertzea. Baina, noiztik? Kapitalismoaren sortze eta garatze prozesu horretan euskal emakumeen lana lantzea ezinbestekoa zela ikusi genuen. Hori horrela, antzinako erregimenean Euskal Herriko andreen egoeraren deskribapena egin dut hasieran, gero, kapitalismoak zein motatako aldaketak eragin zituen ikusteko. Kapitalismoak soldatapeko lana zelan sortu zuen jaso dut liburuan, bai eta zelan utzi dituzten andrazkoak soldatapeko lan horretatik kanpo. Horrek zein ondorio ekarri dituen ere jaso dut, baita andreek zein erantzun eman zioten ere. Beti gaude zapalkuntzaren oinarriak bilatzen, baina zapalkuntzei emandako erantzunak ere jaso behar dira, eta andrek euren eskubideen alde borrokatu dute.
Sistemak andreen lana ikustezin bihurtu zuen kapitalismoaren garaian.
Industrializazioaren hasieran andreak lan merkatura masiboki sartu ziren. XIX. mende bukaeran, baina, heltzen da momentu bat non kapitala ohartzen den etekin gehiago ateratzen diola andreen lanari eurak etxean geratzen badira, kanpoan lan egiten badute baino. Andre horiek langile diren heinean, eta bizi irauteko kanpoko lan hori behar duten heinean, kanpora aterako dira lan egitera. Horrek gaur egun ezagutzen dugun lanaldi bikoitza suposatuko du. Etxean lan egitearena, eta baita kanpoan ere. Gainera, merkatu beltzean. Baldintza kaxkarretan egingo dute lan, eta merkatu ofizialetik kanpo. Hor dago sistemak berak ezartzen duen tranpa: soldatapeko lana bai, baina gizonezkoentzat. Andrazkoentzat, berriz, kristoren galera suposatuko du horrek.
Etxeko lana ere, emakumeen ardurapean.
Hori da. XIX. mendean sistemak ezarriko du etxeko andreen ideal hori, baina euskal andreak langileak izan dira betidanik, lan gogorrak egin dituzte gainera. Eta ideal talka egin zuen eraikitzen ari ziren emakumeen rol edo eredu berri horregaz. Amatasunari lotutako emakumeen irudia eredu bihurtu gura zuten: emakume fin eta ahulena edota seme-alabak zaintzeko soilik prestatuta egon behar zirenena. Etxeko andreen rol horren ideia burgesiatik iritsi zen, eta eraiki eta ezarri egin zuten. Hala, XX. mendeko lehen hamarkadarako, langilegoan ere ezarrita egongo zen eredua da.
“Gure aurrekoek borrokatu dutelako gaude hemen”
Egoera horiei, erantzun zuzena eman zieten andrazkoek.
Esparru askotan erantzun gainera. Ikusten dugu politikoki emakumeen presentzia ez zela horren agerikoa izan, baina greba baten arrakasta edota porrotak hainbat baldintzari lotutakoak dira. Lehen lerroan egon behar gara beti, baina etxean ere grebari eusteko gaitasuna izan behar dugu. Aztertu dugu, kultura arloan zeresan garrantzitsua izan dutela emakumeek, baita euskararen eta euskal kulturaren mantentzean ere. Ikastolen sortzaileak izan direla ere ikusi dugu. Sindikatu sozialetan ikusten dira emakumeak, eta politikan ez horrenbeste. Hala ere, borrokak esparru guztietan eraman zituzten aurrera. 60ko hamarkadan, gainera, euskal feminismoa gorpuzten hasi zen. Abian ziren erantzun eta borroka guzti horiei teoria bat uztartu zitzaien. Orduan jaio zen gaur egun euskal feminismoa deritzoguna.
Gaur egungo egoera zelan ikusten duzu?
Aspalditik ikusten duguna da emakumeak lanpostu batzuetara sartu eta berehala sozioekonomikoki lanpostu horiek debaluatu egiten direla. Irakasleen zein erizainen kasuak izan daitezke, eta hori ez da kasualitatea. Gainera, lanpostu feminizatuetan lan egiten du emakumeen gehiengoak. Lanpostu horiek etxeko lanen jarraipenekoak dira: zaintza lanekin, osasunarekin edota irakaskuntza prozesuagaz zerikusia dutenak. Horietan emakumeak kokatzen dira, eta ez daude batere ondo baloratuta; ez sozialki ezta ekonomikoki ere.
Lan horietan, baina, borrokak ere gero eta nabariagoak dira.
Oraindik egiteko asko dugun arren, gure aurrekoek borrokatu dutelako gaude hemen. Feminismoaren aldetik asko borrokatu da. Zaharren egoitzetako langileak ditugu adibide gisa. Urtebeteko grebaren ondorioz, lan baldintzak apur bat hobetzea lortu zuten. Borrokaren emaitzak dira ematen diren aurrerapausoak. Gauzak ez dira lortzen per se, borroka baten emaitzak dira. Oraindik gauza asko daude egiteko, baina horretarako lanean gabiltza. Atzera begiratuta, lorpen asko egin dira feminismoaren esparruan eta emakumezkoen eskubideei dagokienez.
“Zapalkuntzei emandako erantzunak ere jaso behar dira”
Emakumeen lana landu eta ezagutzea izan da zure asmoa?
Historiak isilpean eta ezkutatuta izan duen esparru oso bat mahaigaineratzea, eta Ipar Euskal Herriko zein Hego Euskal Herriko andreen errealitatea agertzea izan da asmoa. Historia ofizialak baztertzen duen horri garrantzia ematea, azaleraztea eta zabalkundea ematea izan da asmo nagusia. Emakumeek hemen beti lan egin dutela erakustea, eta baldintza oso gogorretan gainera. Emakumeak 60ko hamarkadan lan esparruan sartu zireneko mitoa gezurtatzea ere bilatu dugu liburuagaz.
Denbora tarte luzean garatutako proiektua al da?
Orain dela urte asko hasitakoa da. Pentsatu baino gehiago luzatu da, nire lanagaz batera landu baitut. Hasiera besterik ez da, ez da lan bukatua inondik inora. Abiapuntu bezala hartzen dugu, egiteke dauden lan guzti horien abiapuntua. Emaitzagaz pozik nago, ildoak markatu ditugu, zapalkuntzak azaleratzen ditu, eta kapitalismoaren gakoak ere mahai gainean jartzen ditu. Lanarekin pozik geratu naiz.