Halloween Metal Fest jaialdiak ez du hutsik egin
The Hammer Killers, The Wizards, Vita Imana eta Ktulu egon ziren Bermeoko Kafe Antzokiko agertoki gainean, eta 400 lagun inguru bertaratu ziren.
400 lagun inguru batu ziren zapatuan Bermeoko Kafe Antzokian Halloween Metal Fest jaialdiaz gozatzeko. Spookypheria Productions elkarteko kideak “oso pozik” agertu dira, hamabigarrenean ere jaialdiak “ez duelako hutsik egin”.
Bermeoko Kafe Antzokiko giroa “oso polita” izan zela diote, eta kanpotik etorritako lagun asko egon zirela azaldu dute: “Askok data gordeta daukate, eta jakin badakigu herrian lo egiteko lekuak betete egon direla”. Jaialdira bertaratzen direnak “gustura” egoten dira, “bai ikusleak eta bai musika taldeetako kideak ere”; horregatik, askok buelta egiten dutela nabarmendu dute.
Jaialdiari dagokionez, The Hammer Killers bermeotarrek, Bilboko The Wizards taldeak eta Madrildik etorritako Vita Imanak eskainitako kontzertuen kalitatea nabarmendu dute antolatzaileek. Bestalde, Ktulu talde katalanak eskainitako kontzertuaren amaieran, soinuak “apur bat huts egin zuen”, eta horren eraginez, kontzertua “zerbait ilundu” zen.
Kontzertuen osteko ohiko videojukeboxean, kontzertuetan baino jende gutxiago egon zen, “goizaldeko 03:45 inguru ziren eta kanpoan haize eta euri zebilen”.
Atseden tarte bat hartzeko ordua daukate orain Spookypheriakoek: “Gauzak ondo ateratzen direnean, zaila izaten da hobetzea. Hala ere, beti dago zer hobetu eta zer ikasi“.