"Unibertso propio bat egiten saiatu naiz, ondo sentiarazten duen toki bat"
Audience taldeagaz hainbat disko kaleratu ondoren, salto egin eta bakarkako lana kaleratzera ausartu da Gaizka Insunza Aranzeta musikari gernikarra. Mundu propio eta intimo bat islatu du zortzi abestik osatzen duten lanean.
Pianoa eta gitarra ondoan dituela konposatzen du Gaizka Insunza Aranzetak. Errealitatetik ihes egiten du horrela, eta mundu propioa eraikitzen du. Intimitatean eraikitako hori ezagutarazteko erabakia hartu du orain, «asko kostatu» zaion arren. 2016. urtean grabatu zuen, eta egindakoagaz oso pozik dago. Lana Bermeoko Talako Kantinan erakutsiko du lehenengo aldiz, azaroaren 21ean.
Lehenengo bakarkako diskoa kaleratu duzu zure izenpean.
Audience taldeagaz urte askotan aritu naiz, eta hainbat disko kaleratu ditugu, baina bakarkako lana kaleratzen dudan lehen aldia da. Publikazio txikia da, ez dut esango kapritxo bat denik, baina nire mundu propioa adierazten du. Nik nahi izan dudan mundua. Modu xumean kaleratzea erabaki dut, gainera, kopia gutxi aterata. Ez da nire bizitzako “jaurtiketa”, baina ilusio berezia egiten didan kontua da.
Bakarkako lana kaleratzeak bertigoa ematen du?
Publikatzeko jauzi bat eman behar izan dut. 2016tik daukat diskoa grabatuta. Capsula taldeagaz biran ibili nintzen, eta taldeko Martinekin harreman ona egin nuen. Berak estudio bat dauka, Silver recording, eta komentatu zidan estudiora joateko zerbait grabatzera. Orduko hartan, bost edo sei abesti grabatu genituen, eta gehiago grabatuz gero, LP bat kaleratu nezakeela esan zidan. Horrela, 2016 amaieran eta 2017 urte hasieran grabatu genuen. Baina ez publikatzea erabaki nuen, 2017an Audiencegaz Kubara joan ginelako. Ez nuen nahi nire lana eta Audiencena merkatuan batera egotea. Konparaketak saihestu gura nituen. Orain, baina, momentu ona da. 2020ra begira Audience taldean zenbait proiektu interesgarri ditugun arren, momentu egokia da.
“Musika motibazioa da. Ez dut bestelako motibaziorik behar konposatzeko”
Audienceko musikatik zure lanera salto handia dago?
Lanak bestelako sonoritate bat dauka. Audiencen diskoak inoz ez dira egile diskoak, denon artean erabakitzen ditugu. Bost pertsona gara, eta ez daukagu lider edo abeslari bakarraren figurarik. Ahots dibertsitatea dago, baita konposaketaren aldetik ere. Estilo asko ukitzen ditugu. Baina disko honen atzean dagoen kontzeptua nire unibertso propioarena da. Etxean giltzaperatu eta intimitatean nire musika egitearena. Musikaren bidez mundu berri bat topatzea, non zure arauak dituzun eta gura duzuna egiten duzun. Zentzu horretan, disko honek badauka intimitate ukitu hori. Estilo gutxiago lantzen ditut. Audienceko diskoek beti izan dute iluntasun ukitu bat, eta garapenez nahikoa konplexuak dira. Kasu honetan, baina, musika alaiagoa edota soinu alaiagoak landu ditut, eta ahotsa ere bakarra da, nirea.
Zer erakutsi gura izan duzu zure lehenengo diskoagaz?
Niretzako musika motibazioa da; ez dut bestelako motibaziorik behar konposatzeko. Musika sortzea berezko inspirazioa da, helburu bat. Gai orokor bezala, ametsak ezin betetzea, unibertso pertsonala edukitzea edota intimitatean norberak bere munduagaz sortzen duen harremana erakustea bilatu dut. Unibertso propio bat egiten saiatu naiz, mundu errealetik aldentzen den eta ondo sentiarazten duen toki bat. Leku imajinario hori imajinatu, eta horretan pentsatzen konposatu ditut abestiak. Horregatik da kontraesan bat lan hau publikatzea. Diskoa sortzea baino gehiago kostatu zait argitaratzeko erabakia hartzea. Izan ere, unibertso oso pertsonal eta intimoa erakusten du. Eta jendeari erakustea salto bat ematea izan da; zaila egin zait.
Ingelesezko letrekin zer islatu gura izan duzu?
Audience taldean euskara gero eta gehiago erabiltzeko ohitura hartu dut, baina esfortzu handia suposatzen dit. Izan ere, nik beti entzun dut musika ingelesez, eta hizkuntza horretan naturaltasunez idatzi, konposatu eta abesteko joera daukat. Ingelesak, gainera, pertsonaia baten atzean ezkutatzea ahalbidetu dit, anonimotasun hori ematen dit.
Zer kontatzen dute kantek?
Abestien tituluak oso adierazgarriak dira. Ihes egiteari buruz hitz egiten dute; «bagoaz» pentsatzeari eta beste mundu bat ezagutzera joateari buruzkoak dira. Lehenengo abestia My dream comes true deitzen da, eta bigarrena, berriz, There is a place. Denak dira nahikoa nostalgikoak, ametsen mundu bat irudikatzen dutenak. Hori da diskoaren arrazoi nagusia.
“Diskoa sortzea baino gehiago kostatu zait argitaratzeko erabakia hartzea”
Mundu propio hori eraikitzea erraza izan da?
Diskoan dauden abestietako batzuk orain hamar urte sortutakoak dira. Lehen abestia, gainera, beti eduki dut gordeta; inoiz ez dut erakutsi. Orain dela hamar edo hamabost urte, egunen batean disko bat kaleratuz gero, diskoa abesti horregaz hasiko zela pentsatu nuen. Diskoak forma eta kontzeptu bat hartu ditu orain. Beraz, unibertso propioa urteen poderioz eraikitzea lortu dut. Etxean pianoaren ondoan esertzen naizenean, gitarra ondoan daukadala eraikitzen dut nire unibertsoa. Diskoa urte askoren ondorioa da, orain gauzatu dena. Gai bereko hiruzpalau abesti izan nituenean erabaki nuen gai honi eustea, eta horri buruz konposatzea, diskoari osotasuna emateko.
Grabaketa lanak orain hiru urte hasi zenituzten. Laguntzaileak eduki zenituen?
Grabaketa prozesua oso atsegina izan zen, ez genuelako helburu finkorik izan. Martin (Capsula) eta biok ondo ulertzen dugu elkar, influentzia musikal berak ditugulako. Hala ere, estilo desberdinak jorratzen ditugu. Estudioko grabaketak biok bakarrik hasi genituen bere estudioan, eta lana ondo zihoala ikusi genuen, baina inongo presiorik barik aritu ginen. Grabaketak aurrera egin ahala, Mariana Perezi deitu genion bateria jotzeko, eta lau edo bost abestitan aritu da. Nire taldekide Ruben Garateak ere akordeoiagaz lagundu digu. Oso oroitzapen polita daukat grabaketa prozesuaz. Ondo pasatu nuen, eta pentsatzen dut diskoan hori nabaritzen dela. Nahikoa naturala da.
Instrumentu askotako abestiak dira landutakoak?
Bai, nik hainbat instrumentu jo ditut. Pianoak eta gitarrak daukate protagonismo nagusia, nik bi instrumentu horiekin konposatzen dudalako. Beste zenbait instrumentu ere sartu dizkiot gero: klarinetea, saxofoia, gitarra elektriko eta akustikoa… sonoritate aldetik nahikoa polita eta aberatsa geratu da.
Zu parte zaren Bidehuts plataformagaz kaleratu duzu lana.
Audiencen disko asko kaleratu ditugu Bidehutsekin, eta hau ere horrela egitea erabaki nuen. Autogestionatutako plataforma bat da, eta urte asko daramatzagu diskoak eurekin argitaratzen. Plataformako kideek konfiantza asko eman didate, gainera. Kideek egindakoa entzun zuten, eta eurak animatu ninduten lan hori modu xume baina polit baten argitaratzera. Ez da ohiko diskoetxe bat, asanbladetan erabakitzen baitugu zein erabaki hartu. Taldeetako musikariak gara markaren edota zigiluaren funtzionamendua gidatzen dugunak, eta egiten dugun guztia modu xumean egiten dugu.
Diskoaren azala ere berezia da, entzuleen interpretazioari lekua uzten diona.
Gernika-Lumoko Nika izeneko markak egin dit azala, eta eskerrak eman behar dizkiet. Nire lagun Rosa van Wyk eta Iban Sainz dira sortzaileak. Sorkuntza prozesu guztietan ideia batzuekin hasten zara, baina gero, batzuetan, diskoak berez hartzen du bere lekua. Azalagaz hori gertatu dela esango nuke. Ez diot jendeari interpretazio bat inposatu gura izan. Ideia guk pentsatu arren, entzuleei esanahia ixtea ez dela ona uste dut. Bakoitzak bere esanahia bilatu behar du. Diskoagaz islatu gura izan dudan berdina adierazi gura izan dut azalean. Argazkia apur bat lausoa da, mundu propio eta desberdin bat islatu gura nuelako. Kolore gorriek beste mundu bat islatzen dute, etorkizun desberdin bat. Ni erortzen ari naiz, argazkia atera baino lehenago saka egin zidatelako. Argazkiak bi gauza horiek islatzen ditu: diskoak beste unibertso propio bat sortzen duela, eta ni erortzen ari naizela. Erortze horrek salto bat eman behar izan dudala esan gura du. Guztiz ziur eman ez dudan pauso bat. Zalantzak edukita ere, pauso hori ematera ausartu naiz. Ez ginen zehazki kontzeptu horien bila joan, baina horra iritsi ginen, eta gustatu egin zitzaigun.
Astebete daroa kalean. Entzun dutenek zer esan dizute?
Diskoa oso jende gutxik jaso du oraindik, eta gertukoek entzun dute, gehienbat. Momentuz erantzun oso positiboak jasotzen nabil, baina, egia esanda, erantzunen zain nago. Diskoa oso berria da, eta lagun edota familiakoek oso polita dela esan didate, baina euren balorazioa badakit partziala dela, lagunak direlako eta asko lagundu didatelako. Diskoa, Bidehuts plataforman ezeze, Gernikako Irrintzin, Arranon, Iñurri Gorrian eta NW arropa eta musika dendan ere eskuratu daiteke.