Gernika Rugby Taldeak Cristian Cabanes entrenatzailea ordezkatzea erabaki du
Gaur eman du taldeak erabakiaren berri, Ohorezko B Mailan lehiatzen ari den taldearen arduradun berriak Eduardo Maidagan eta Kemen Goitiandia izango dira aurrerantzean. Basurdeek zazpigarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan [azaroak 2]. 16:00etan dute hitzordua Urbietan.
Gernika Rugby Taldeak Christian Cabanes entrenatzailea ordezkatzea erabaki duela jakitera eman du. Gaurtik aurrera Eduardo Maidagan eta Kemen Goitiandia izango dira Ohorezko B Mailan lehiatzen ari den taldearen arduradunak.
Iaz Mauleko lehen taldea entrenatu zuen Cabanesek, eta mailaz igotzea lortu zuen. Euskal Herriko nesken eta 18 urtez azpiko jokalarien taldeetako entrenatzaile izandakoa ere bada iparraldeko entrenatzailea. Irailaren 13an denboraldiaren aurkezpen ekitaldian “gogotsu” zegoela adierazi zuen, “indarrez beteta”, eta ligako lehen jardunaldietan sei patidutik lau irabaztea lortu du.
Aurrera egin beharra. Basurdeek ligako zazpigarren jardunaldiko hitzordua daukate zapatuan [azaroak 2], Urbietan. 16:00etan, Pasek Belenos RC taldea izango du aurrez aurre, eta entrenatzaile berrien lehen partidua izango da. Talde asturiarrak sei jardunalditan hiru garaipen eskuratu ditu, hala, neurketa gogorra izango dela espero dute taldeko arduradunek.
Laugarren postuan dago sailkapen Gernika Rugby Taldea orokorrean (21 puntu). Aurretik dituen bi taldeen emaitzen zain egon beharko badira ere, horiek aurreratzeko aukera izango du bihar neurketa irabaziz gero. Bigarren postuan Babyauto Zarautz RT dago (23 puntu), eta hirugarren AVK Bera Bera RT (22 puntu). Ligako liderra, Getxo RT da, eta sendo dago, 29 punturekin.
Denboraldi hasieran ezarritako helburua betetzea beste ametsik ez dute taldeko jokalariek eta arduradunek, hau da, berriz ere gorengo mailara itzultzea. Horregatik, dagoeneko bi partidu galdu badituzte ere, ezin dute aurrerantzean hutsik egin.