Domekan hasiko du Busturia Txirrindulari Taldeak ziklokros denboraldia
Lehenengo urteko gazte mailako bi kirolarik parte hartuko dute domekako proban. Taldea 2020ko denboraldia prestatzen hasi da dagoeneko, eta izena emateko deialdia zabaldu dutela adierazi dute
Nabiga Gesincar Busturia Txirrindulari Taldeak domekan [azaroak 3] hasiko du ziklokros denboraldia. Berrizko Ziklo Kross Sari Nagusian lehen urteko gazte mailako bi txirrindularik parte hartuko dute, aurten lehenengoz.
Xabier Diaz taldeko arduradunak azaldu duen bezala, “nahiz eta denboraldia orain dela bi aste hasi zen, hirugarren hitzorduan batuko dira lehiaketara, eta printzipioz, Karrantzan eta Zornotzan ere izango dira datozen bi asteburuetan”.
Horrez gain, lehen urteko kadete mailako txirrindulari batek neguan lehiatzen den modalitatean lehen urratsak eman nahi dituela adierazi die taldeko arduradunei, eta Diazek aurreratu du Lezamako Ziklo Kross Sari Nagusian aurreikusten dutela parte hartzea, egutegiko azken proban.
Urtarrilean hasi eta abendura bitarean luzatzen da txirrindularitza denboraldia, eta bi modalitate nagusitan banatzen da: irailera arte errepidean aritzen dira kadete eta gazte mailakoak, eta urritik urte bukaera arte ziklokrossean (azken honetan errepidean izaten dutena baino maila bat gorago).
Diazek azaldu du, taldearen helburua domekan Berrizen lehiatuko diren bi gazteek modalitate berriari neurria hartzea dela, «goza dezatela».
2020ra begira. Nabiga Gesincar Busturia Txirrindulari Taldea 2020ko denboraldia prestatzen hasi da dagoeneko, eta deialdia zabaldu du eskolarteko mailakoek (2006 eta 2013 urte bitartean jaiotakoak), kadeteek (2004 eta 2005 urteetan jaiotakoak) eta juniorrek (2002 eta 2003 urteetan jaiotakoak) izena eman dezaten.
Gaur gaurkoz zortzi txirrindularik eman dute izena kadete eta haur mailetan, eta hogei inguruk eskolarteko mailan.
«Gure asmoa azaro bukaeran zenbat izango garen jakitea da, horrela, abenduan materiala eta maillotak eska ditzakegu. Horrez gain, lasterketetan laguntzeko prest dauden pertsonak ere bilatzen ditugu, taldean gutxi baikara, eta autoak, furgonetak eta materiala garraiatzea ez da erraza», ohartarazi du Diazek.
Taldeko arduradunek gogorarazi dute beraiekin harremanetan busturiatt@gmail.com helbide elektronikoara mezu bat bidaliz edota Facebook bidez jar daitezkeela interesatuak.