Antzeztutako lanagaz "oso pozik" daude Xankore antzerki taldekoak
'Una verdad escondida en un bolso' antzezlan berria aurkeztu zuten Xankore antzerki taldeko kideek, eta egindako lanagaz "oso pozik" daude.
Gernika-Lumoko Xankore antzerki taldeak Una verdad escondida en un bolso antzezlan berria aurkeztu du udalerrian, eta egindako lanagaz “oso pozik” daudela aitortu dute antzezleek.
Lizeo Antzokiko eszenatokira igota beraien antzezteko abilezia erakutsi zuten antzerki taldeko zazpi aktoreek –Flori Trujillo, Ana Ruiz, Itziar Isusi, Carmen Ortiz, Mari Paz Beares, Asun Zarrabeitia, Mila Artetxe–. Komedia ukituak zituen drama antzeztu zuten, eta hasieran urduri egon ziren arren, dena “ederto” egin zutela aitortu dute: “Hasieran urduri geunden, baina kontzentratu eta egin beharrekoak ondo egin genituen. Gu oso pozik gaude egindakoagaz, eta senide eta lagunek ere lan oso polita eta ona egin genuela esan digute”.
Gainera, ikusleek antzerkiaren argumentua “landutakoa eta polita” izan zela esan zieten aktoreei, eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa ematen dietela aitortu dute. Izan ere, Lizeo Antzokiaren erdia baino gehiago bete zuten: “Azken urteetan, antzerkiak ikusleak galdu ditu, eta guretzako Lizeo Antzokiaren erdia baino gehiago betetzea oso pozgarria izan da. Lan asko egin dugu horretarako”. Hamabi urte igaro dira Gernika-Lumoko Xankore antzerki taldea lehenenegoz agertokira igo zenetik, eta ordutik, urtean-urtean antzezlan batekin gozarazten dituzte herritarrak.
Orain, aurrera begiratzea tokatzen zaie antzezleei, eta urtarrilean hasita euren bira “txikiari” ekingo diotela aitortu du Mila Artetxe aktoreak: “Bilboko Antzerki Elkartekoek urtero antolatzen dituzte antzerki emanaldiak, eta aurten gu gonbidatu gaituzte bertan antzeztera urtarrilean”.
Bilbon antzeztuta, ez dira etxean geldituko, urteroko hitzorduak finkatuta dituzte-eta. Izan ere, hurrengo urte hasieran Astrabuduan eta Getxon antzeztuko dutela aurreratu du Artetxek. Bitartean, urrian hasi eta ekainean bukatzen duten ikasturteko antzerkia entseatzen egongo dira.