Beaskoetxea eta Lopezek irabazi dute Urriko Azken Astelehena Opena
Iñaki Osa Goikoetxea eta Txabi Inzaren aurka lehiatu zuten txapeldunek, eta bi setetan erabaki zuten norgehiagoka. Jai Alai World Tour 2019ko txapela jantzi zieten Erik Mendizabal eta Imanol Lopezi.
Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez nagusitu dira Urriko Azken Asteleheneko openean. Jai giro aparta izan zuten atzo Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, eta partidu bikainagaz bukatu zuten binakako Jai Alai World Tour denboraldia.
Iñaki Osa Goikoetxea eta Txabi Inzaren aurka lehiatu zuten txapeldunek. Emozio biziko partidu parekatua izan zen, frontoira gerturatutako zaleak gozarazi zituena. Bi setetan erabaki zuten norgehiagoka, baina bietan tanto oso gutxiko aldeagaz nagusitu ziren aurrelari gernikarra eta atzelari zumaiarra.
Ondo hasi zuten partidua Goikoetxea eta Inzak, aurrelari zumaiarraren hasierako tantoekin markagailuan ihes egitea lortu baitzuten; lehenengo set erdia bi-hiru tanto goitik joan ziren. Ondo hasi zuen norgehiagoka Goikoetxeak, eta sendo aritu zen atzean Inza, baina Beaskoetxeak etxean jokatzen zuen, eta Goikoetxeari erantzun zion. Hala, zaleen indarragaz, partidua bederatzira berdintzea lortu zuen. Hurrengo jokaldiak tentsio handikoak izan ziren, eta hamabi tantoetara ere berdinduta iritsi ziren. Beaskoetxeak hamahirugarren tanto bikaina egin zuen, eta ezin izan zioten erantzun aurkariek. Hala, lehenengo seta hiru tantogatik irabazi zuten (15-12).
Bigarren seta hobeto hasi zuten txapelketako irabazleek. Hasierako tanto bikainak jokatu zituen Lopezek, eta egindako lan horri esker 5-2koa eta 8-4koa jarri zituen markagailuan. Bikaina izan zen txapeldunen zortzigarren puntua. Goikok zabalera jaurti eta Lopezek pilota atzean hartu zuen, gero aurkariak harrituz txapa gainean uzteko. Egindako ahaleginari txalo zaparradagaz erantzun zioten ikusleek.
Gernikarra eta zumaiarra nagusi ziren bigarren setean. 13-8 zihoazen aurretik, baina Goikoetxeak arriskatzea erabaki zuen. Arriskatu eta tantoak eskuratu zituen. Izan ere, bi puntutara hurbildu ziren partiduko azken txanpan (13-11). Hala ere, egindako ahaleginak ez ziren nahikoa izan, eta norgehiagoka Beaskoetxea eta Lopezentzako izan zen.
Erakustaldia. Urriko Azken Asteleheneko Opena jokatu baino lehenago, baina, erakustaldia eman zuten Jokin Arbe markina-xemeindarrak eta Aimar Aldazabal berriatuarrak Jean Olharan eta Thibauly Basqueren aurka. Partidu parekatua izan zen, berdindu egin zuten eta berdinketa hausteko hirugarren set-a jokatu behar izan zuten.
Lehenengo seta puntu bakarragatik irabazi zuten Arbe eta Aldazabalek, tentsioa azken uneetara arte mantenduz. Bigarrenen setean hutsegiteak izan zituzten, eta zazpi puntugatik galdu zuten (8-15). Berdinketa hausteko, ohi baino laburragoa izan zen seta jokatu zuten, hiru tantora. Azken txanpara ere parekatuta iritsi ziren, puntu bakarragatik nagusitu baitziren irabazleak (3-2).
Denboraldi bukaera. Atzo Gernika-Lumon jokatutako final handia bukatu bezain laster, Jai Alai World Tour 2019ko txapela jantzi zieten Erik Mendizabal eta Imanol Lopezi.Eurak dira denboraldiko aurrelari eta atzelari onenak hurrenez hurren. Erik Mendizabalen ordez, bere aitak jaso zuen txapela, Erik Mendizabal Floridan jokatzen dagoelako. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura eta kirol sailburuaren eskutik jaso zituzten sariak.