Euskal erakundeetako agintariak hartu ditu Gorroñok udaletxean
Inguruetako herritarrak ez ezik, euskal erakundeetako agintariak hurbildu dira gaur udalerrira. Alderdi bateko zein besteko politikariei elkarlanean lan egiteko deia egin die Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Baserritarren produktuak dira protagonistak, gaur, Gernika-Lumon. Goizetik dabiltza herritarrak ekoizleen produktuak dastatzen eta erosten Urriko Lehen Astelehenean. Egun handia da beraientzat, eta dituzten produktuen erakuslehioa izaten ari da udalerria.
Inguruetako herritarrak ez ezik, euskal erakundeetako agintariak ere hurbildu dira Gernika-Lumora, eta iaz egin legez, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumo alkateak hartu ditu udaletxean. “Jai egun handia da gaurkoa Gernikan, baserritik sortutakoa. Euskal Herriko produktu onenak biltzen ditu gaurko azokak, eta produktuen kalitatea ere oso ona da”.
Hala, baserritarrentzako gaurko egunak duen garrantzia azpimarratu, eta azokak sortzen dituen harremanak nabarmendu ditu politikarien aurrean. EH Bildu, EAJko zein beste talde politikoetako ordezkariak elkartu dira udaletxean; besteren artean, bertan egon dira Unai Rementeria, Itxaso Atutxa, Aitor Esteban, Oskar Matute, Idurre Bideguren eta Iratxe Arriola.
Indarrak bateratu. Ordezkaritza zabala batu dela ikusita, elkarlanean lan egin eta adostasunetara iristeko gonbita egin die alkateak bateko zein besteko politikariei: “Pertsonak daude alderdi politiko guztien gainetik. Alderdi politikoak herramintak besterik ez dira, herritarrentzako onena bilatzeko lan egin behar dutenak”. Hala, Gernika-Lumo zein Bizkai, Araba eta Gipuzkoa hobetzeko proiektuak egin behar direla uste du, baina lan horiek egiteko ezinbestekoa dela elkarregaz lan egitea deritzo: “Adostasunetik eraiki behar ditugu proiektuak, eta bide horretan lan egin behar dugu denok. Indarrak batu eta aurrera egin”.
Hala eskualdeko zenbait alkateri oroigarri bat eman die, eskualdean denok elkarregaz lan egiteko deia eginez. Oroigarria Koldo Carbonelek, Julen Carrionek, Mikel Magunazelaiak, Mikel Bilbaok, Karmele Enbeitak, Iratxe Arriolak eta Patxi Egurrolak jaso dute.