Bigarren porrota jaso du Lointek Gernika Bizkaiak, ligan
Valencia Basketek 66-63 hartu zuen mendean talde gernikarra, zapatuan. Partidua luzapenean erabaki zen. Eguenean [urriak 31] Eurokopako hirugarren hitzordua du taldeak Olivaisen aurka, 20:30ean, Coimbran (Portugal).
Dia Ligako bigarren porrota jaso zuen Lointek Gernika Bizkaiak zapatuan, Valentzian. Partidu ia guztia aurretik joan bazen ere, luzapenean erabaki zen neurketa. Valencia Basketek 66-63 hartu zuen mendean talde gernikarra. “Erakutsi dugu etxetik kanpo lehiakorrak garela, aurpegia ematen ari gara, eta horren eredu da bi neurketa baino ez ditugula galdu. Biak luzapenean, gainera”, adierazi zuen Mario Lopez entrenatzaileak partiduaren ostean. Eguenean [urriak 31] Eurokopako hirugarren hitzordua du taldeak Olivaisen aurka, 20:30ean, Coimbran (Portugal).
2.718 zale batu ziren zapatuan Valentzian, ere beraien animo oihuek presio izugarria eragin zuten hasiera-hasieratik: “Kantxa oso zaila da Fonteta, zaleek asko presionatzen dute, eta guk sumatu egin dugu, izan ere, momentu batzuetan presaka eta urduri jokatu dugu”. Hala ere, ondo hasi zuen talde gernikarrak neurketa. 7. minuturako 8-12 zekarren markagailuak. Defentsa lanetan bikain aritu ziren, eta erasoan Nicolina Milic eta Nogaye Lo nabarmendu ziren. Lehen laurdenean egin zituzten 16 puntuetatik 10 beraiek lortu zituzten (12-16).
Bigarren laurdena, bestalde, gorabeheratsua izan zen. Lehenengo minutuetan aldeak gora egin zuen, talde gernikarraren mesedetan. Baina minutu batean Valencia Basketek neurketa irauli zuen. Maria Pinak hirukoa saskiratu zuen, Milici ihes egin zion errebote bat aprobetxatu eta Anna Gomezek beste horrenbeste egin zuen, eta Lopezek partidua eteteko eskatu zuen. Lointek Gernika Bizkaiak hutsegiteak egin zituen defentsan, eta etxeko taldeak indartsu jarraitu zuen saskiratzeak gehitzen. Atsedenaldian 34-30 zekarren markagailuak.
Aldageletatik bueltan, Julie Wojta eta Margaret Roundtreek hartu zuen talde gernikarraren ardura. 3 minututan 0-9 izan zen partziala, eta Valencia Basket taldeko entrenatzaileak partidua eten zuen. Ez zuten Lointek Gernika Bizkaiari aurre hartzea lortu. Azken laurdenera joan aurretik, Naiara Diez kapitainak hirukoa saskiratu zuen (44-49).
Nahi eta ezin. Partiduko alderik handiena izatera iritsi zen talde gernikarra azken minutuetan (44-53), baina jokalarien urduritasunak hutsegiteak eragin zituen. Neurketa erabakita uzteko saskiratzeetan ez zuten asmatu, eta etxeko taldeak aukera aprobetxatu zuen markagailuan hurbilzteko (50-53). Lehia bukatzeko minutu bat besterik falta ez zela, berdintzea lortu zuen Valencia Basketek, eta azken jokaldian denboraz kanpo lortutako saskiratzea baliogabetuta, luzapena jokatu behar izan zuten bi taldeek (56-56). “Azken laurdenera arte nahiko kontrolatuta izan dugu partidua, baina azken unean egin dizkiguten bi saskiratzeek lekuz kanpo utzi gaituzte”, azaldu zuen Lopezek.
Ez zuten ondo jokatu talde gernikarreko jokalariek luzapenean. Erasoan hutsegiteak egin zituzten, eta etxeko taldeak aurre hartu zion (66-63). “Detaile txikiek erabaki dute partidua. Lan ona egin dute jokalariek, nahiz eta momentu askotan presaka jokatu dugun”, aitortu zuen Lopezek. Sailkapen nagusian laugarren postuan dago Lointek Gernika Bizkaia, aurretik duen Valencia Basketekin eta bosgarrena den Cadi La Seurekin berdinduta (10 puntu dituzte hiru taldeek). Avenida da liderra, eta Girona bigarrena (12 puntu dituzte biek).