Azoka bizi-bizia, Urriko Azken Astelehenekoa
Hasi da jendea hurreratzen Urriko Azken Asteleheneko azokara. 310 postutan zer dastatu eta zer erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek 15:00etara bitartean.
09:00etan zabaldu dute Urriko Azken Asteleheneko azoka, eta 15:00ak bitartean izango da zer saldu eta zer erosi Gernika-Lumon. Guztira, 310 postu jarri dituzte udalerriko kaleetan zehar; iaz baino 23 gutxiago. Postu gehienak artisauenak dira –50–.
Aurten, gaztaren 45 postu jarri dituzte, ortuari eta barazkien 43, ogiaren eta euskal pastelaren 29, makineriaren eta txakolinaren 16, kontserben 11, fruten eta erroskila egileen 7, patearen 7, ezti eta sagardoen 5 eta lore eta esnekien 3 postu hurrenez hurren.
Goiz hurbildu dira baserritarrak Gernika-Lumora, eta 09:00etarako prest izan dituzte beraien postuak. Artekale kalean 66 saltoki jarri dituzte, eta 50 Pasealekuan. 36 daude San Juan kalean eta 30 Juan Calzadan. 40 salmahai ikus daitezke Industria kalean, eta 20 Domingo Alegrian. Txosnak, berriz, Ciutat de Bergan, Pasealekuan eta Foru Plazan daude.
Eguraldi ona lagun, goizetik hurbildu da jendea udalerrira. Ordubete bat daroa zabalik azokak, eta jende mugimendua nabaritzen da dagoenerako. Hala ere, eguerdirako espero da jende gehien. Dastatzen eta erosten dabil jendea, eta taloa edo bestelako pintxoak prestatzen dabiltza dagoeneko txosnetako kideak.
Bertsolariek alaituko dute eguerdia Merkurio iturriaren parean jarritako eszenatoki gainean; Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeita igoko dira oholtzara. Ondoren, horien saioa bukatuta, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta apaintzeko loreen lehiaketatako sari banaketa egingo dute, 13:30ak aldera.
Arratsaldean, giroak ez du etenik izango, eta porru festaz gozatzeko aukera izango baitute bertaratutakoek Astran 18:30etik aurrera.
Urriko Azken Astelehena Masterra. 17:00ak aldera zesta punta jaialdiaz gozatzeko aukera egongo da Jai Alai frontoian, baina 18:00etan hasiko da finala. Diego Beaskoetxea gernikarrak Imanol Lopezekin jokatuko du Iñaki Goikoetxea eta Txabi Inzaren aurka; lehenengoek Gernikako Grand Slama irabazi zuten abuztuan Goikoetxea eta Lekerikaren kontra.
Lehenago, baina, Alex Hormaetxea bermeotarrak eta Aimar Aldazabal berriatuarrak Jean Olharan eta Thibauly Basque izango dituzte aurrez aurre.