310 postutan hamaika aukera dakartza Urriko Azken Asteleheneko azokak
09:00etan zabalduko dute azoka, eta produktu onenen sari banaketak, bertsoek eta gaztaren enkanteak hartuko dute eguerdia .18:30ean hasiko da Porru Festa
Badator Urriko Azken Astelehena Gernika-Lumoko txoko guztiak girotzera. Nekazaritza protagonista duen azokak hartuko du udalerria, eta 310 postutan zer saldu eta zer erosi edukiko dute bertaratzen direnek.
09:00etan zabalduko dituzte euskal ohitura eta kultura batzen dituen azokaren ateak, eta 15:00etara bitartean Euskal Herri osotik iritsitako ekoizleen produktuak ikusi eta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gazta, eztia, euskal pastela, ogia, txakolina, barazkiak, artisautza produktuak eta beste hainbat ekarriko dituzte.
Baserrietako ekoizpenaren erakusleihoa izaten da Urriko Azken Astelehena, urtean egindakoak herritarren aurrean bistaratzeko eguna. Izan ere, azokak jendetza batzen du urtero. Iaz, euria egin arren, 55.000 herritarren aterpea izan zen.
Baserritarren lan hori aitortzeko lekua ere izaten da, eta aurten ere, azoka itxi aurretik egingo dute sari banaketa Merkurioko agertokian, 13:30ean. Urtero lehez, barazki, lore, fruta, txakoli, gazta eta eztirik onenak sarituko dituzte. Halaber, eguerdian jende gehien batzen duen ekimena ere egingo dute, gazta enkantea. Urtero legez, irabazlearen eta bigarren onenaren gazta erdiak eramango dituzte enkantera.
Gazta onenen lehia. Iazko gazta gozoena, Galarretako Azkarra izan zen, eta 5.607 eurotan erosi zuen Xaibor diskofestak. Urriko enkantea ezaguna den legez, irailean egiten den Ordiziko Gazta Lehiaketa ere bada oso ezaguna. Aurten, Ordizian, Lekarozko Kortarria gaztandegiak irabazi du bigarren urtez jarraian. 9.000 eurotan saldu zuten gaztandegiaren gazta erdia.
Sari banaketa eta enkantearen aurretik, baina, bertsolariek ohiko saioa eskainiko dute Merkurion. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeita igoko dira oholtza gainera.
Egunari bukaera emateko, Porru Festa egingo dute Astran. 18:30ean zabalduko dituzte fabrika sozialeko ateak, eta jarraian hasiko dute festa.
Kaleak moztuko dituzte gaurtik martitzenera arte. Gernika-Lumoko erdiguneko kaleetatik ezingo dira ibilgailuak ibili gaurtik hasi eta martitzenera arte. Adolfo Urioste kalea goizetik itxiko dute gaur, eta San Juan, Artekale eta Juan Calzada 20:00etatik aurrera zarratuko dituzte. Kaleak martitzenean zabalduko dituzte, “desmuntatze eta garbiketa lanak bukatuta”.
Postuak
Artisauak. 50.
Denetarikoak. 34
Erroskila egileak. 7.
Esnekiak. 3.
Eztiak. 5.
Frutak. 7.
Gazta. 45.
Loreak. 3.
Kontserbak. 11.
Makineria. 16.
Euskal pastela. 29.
Ogia. 29.
Ortuaria-barazkiak. 43.
Pate. 7.
Sagardoa. 5.
Txakolina. 16.
Txosnak. 6.
*ALEX ZUBIAREN ZUTABEA: Gernika, Ezpeleta eta klima aldaketa