Indar erakustaldia eskaini du Lointek Gernika Bizkaiak
Atzo jokatu zuten Eurokopako F multzoko bigarren jardunaldia, Malosten, eta talde gernikarrak 77-41 hartu zuen mendean UNI Gÿor. Zapatuan [urriak 26] Valencia B.C. taldearen aurka du ligako hitzordua, 19:15ean.
Nagusitasunez irabazi zuen atzo Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako bigarren jardunaldia. 77-41 hartu zuen UNI Gÿor mendean F multzoko neurketan. Malosten izan zuten hitzordua, eta zaletuek gozatua hartu zuten talde gernikarrak erakutsitako joko mailarekin.
Begiz-jota, orain, zapatuan [urriak 26] 19:15ean Valencia B.C. taldearen aurka duen ligako neurketa du taldeak.
Aurtengo denboraldiko gako nagusia Lointek Gernika Bizkaiaren defentsa lana da, izan ere, indartsu dabiltza Mario Lopezek gidatutako jokalariak. Atzoko partiduan erakustaldia eman zuten beste behin, baina erasoan oraindik ere hutsegiteak azaldu ziren. Baloia oso erraz galtzen zuten bi taldeek lehen laurdenean, urduri atera baitziren kantxara. Hala ere, aurretik bukatu zuten lehen laudena (13-10).
Blake Dietrickek egin zuen partiduko lehen hirukoa, eta eraso festak ez zuen etenik izan aurrerantzean. Nikolina Milicek eta Julie Wojtak elkarrekin oso ondo konpontzen direla erakutsi zuten, izan ere jokalari serbiarrak 15 puntu lortu zituen lehen zatian, saskiratze gehien egin zituena izan zen atsedenaldiaren aurretik. UNI Gÿor taldearen entrenatzaileak neurketa eten zuen, talde gernikarraren saskiratzeak kontrolatu nahian. Zofia Hruscakovak baino ez zuen lortu Lointek Gernika Bizkaiaren defentsa haustea. baina Naiara Diez kapitainak hirukoak kateatu zituen, eta aldeak gora egin zuen nabarmen. Atsedenaldian 39-24 zekarren markagailuak.
Aldageletatik bueltan, erritmo berberean lehiatu zen talde gernikarra. Ahalik eta alderik handiena lortzea zen helburua, average-a erabakigarria izaten baita Eurokopan, eta ezustekorik ez izateko beharrezkoa da abantaila nahikoa izatea. Gintare Mazyoniteren hirukoek min handia egin zioten UNI Gÿorri. 30 puntuko aldearekin bukatu zen hirugarren laurdena.
Azken txanpan ere, talde gernikarra ez zen lasaitu. Aurkariari ez zioten partidua lehiatzeko aukerarik eman. 77-41 bukatu zen neurketa, eta Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako lehen fasea igarotzeko aurrerapauso handia eman zuen.