Eskualdeko hainbat txoko eder zeharkatu dituzte 41. Ibilbide Neurtuan
Goi Zale Mendi Taldekoek 22 km-ko ibilaldia egin zuten domekan. Plastikoa ahalik eta gutxien erabiltzeko konpromisoa hartu dute mendigoizaleek.
Barrutia, San Lorentzo, Ikazurieta, Oma, Santimamiñe, Bird Center… Goizean goiz Gernika-Lumotik irten, eta inguruko herrietako zelaiak eta basoak zeharkatuz egin zuten 41. Ibilaldi Neurtua, domekan.
Goi Zale Mendi Taldekoak eskualdetik kanpo etorritakoak izan zituzten bidelagun. Izan ere, Zornotzatik eta Eibartik hurbildutako mendigoizaleak batu ziren eskualdekoekin batera, laupabost orduko ibilaldian. “Eguraldiak ez zigun asko lagundu, baina hori ez zen oztopo izan. Ausart koadrila bat animatu ginen”.
Lau hamarkada pasatxo daramatzate ibilaldi neurtua antolatzen, eta urtero ibilbidea aldatzen ahalegintzen dira. Oraingo honetan, beste pauso bat eman dute: plastikoaren erabilera gutxitu dute. “Markatzeko sistema aldatu dugu. Plastikoa ahalik eta gutxien erabiltzen saiatu gara; paperezko pegatinekin eta paper birrinduagaz markatu genuen ibilbidea”, azaldu dute Goi Zale Mendi Taldeko kideek. Plastikoa ahalik eta gutxien erabiltzeko konpromisoa hartu dute, eta aurrerantzean ere asmo horri eutsiko diote.