Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena egingo du Gure Esku Bermeok
Azken asteetan mugimenduak erreferenduma delitua ez dela aldarrikatzeko hainbat ekimen burutu ditu. Bariku iluntzean Gaztelugatxen batuko dira ekimenekin jarraitzeko.
Gure Esku Bermeok erreferenduma delitua ez dela aldarrikatu eta mezu hori zabaltzeko ekimena egingo du etzi.
Zehazki, Gaztelugatxeko San Juaneko baselizara igoteko bidea argiztatu, eta modu horretara “mezu argi bat” zabaldu gura dute mugimenduko kideek. Horrela “askatasunerako argien bidea” prestatuko dute bariku iluntzean. Olbizarretan dagoen Eneperi baserrian jarri dute hitzordua 18:00etan.
Herritarrei parte hartzeko eta laguntzeko deia egin diete: “150 bat lagun behar direla” azaldu dute, eta pertsonako bi linterna eramatea eskatu dute. Pankarta erraldoia eskegiko dute baseliza inguruan, eta 20:00ak aldera argien bidea eratzen dutenean argazkiak aterako dituztela aurreratu dute.
Kataluniatik hasitako bidea. Antolatzaileek azaldu dutenez, azken asteetan erabakitzeko eskubidearen aldeko hainbat ekimen burutu dituzte Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan zehar, “bai Euskal Herriarekiko bai Kataluniarekiko”. Horren harira Bartzelonan kokatutako Montserrat mendian egindako ekimena hartu dute abiapuntutzat: herri ekimen baten bidez mendiaren tontorra argitu zuten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko asmoagaz.
Bermeokoa ez da izango Gure Eskuk etzi egingo duen ekimen bakarra; Anbotoko mendi lerroan argi ilera bat sortuko dutela adierazi dute mugimenduko kideek. Horrela, Bizkaia, Araba zein Gipuzkoako mendizaleei 17:00etan Urkiolako aparkalekuan batzeko deia egin diete. Buruko argiak eta esku argiak eramatea eskatu dute.