Eibar-Nabarniz ibilaldia egingo dute 43. urtez zapatuan
Athletic Nabarniz Elkarteak antolatutako ekimenean 29 kilometroko ibilbidea egingo dute. Zazpi mendi zeharkatu ostean bazkaria egiteko batuko dira.
Athletic Nabarniz Elkarteak Nabarnizko Udalaren laguntzagaz antolatzen duen Eibar-Nabarniz ibilbidea egingo dute zapatuan. Ohi legez, Eibartik irten eta Nabarnizera heldu arteko 29 kilometroko bidean hainbat mendi zeharkatuko dituzte parte hartzaileek.
06:00etan Nabarnizen batuko dira autobusean irtetzeko; bertatik Gernika-Lumora abiatuko dira geldialdia egin eta jende gehiago batzeko. 07:00etarako Eibarrera helduko direla aurreikusi dute, eta ordu horretan ekingo diote ibilaldiari. Parte hartzaileek Zengotiagane (826 metro), Oiz (1029 metro), Ganbe (396 metro), Astorkigana (235 metro), Kanpona (504 metro), Miñarria (435 metro) eta Arrola (532 metro) zeharkatuko dituzte Nabarnizera berriz ailegatu aurretik.
Aurreko urteetan egin modura, Oizera heltzerakoan salda beroagaz gorputza ere berotzeko aukera edukiko dute mendizaleek. Horrekin batera Astorkiganan anoa postua edukiko dute, indarberritu eta atsedena hartzeko. Ibilbidea amaitzerakoan partaideek pintxoak eta edariak zain edukiko dituzte Nabarnizen. Gainera, gura duenak frontoian dutxatzeko aukera edukiko du.
Bazkaria lagun artean. Eibartik Nabarnizera egin ostean ibilaldiaren elkartekoek bazkaria egiten dute; aurten ere ez da faltako egindakoa ospatzeko bazkaria. Jatetxez aldatzen joaten dira urtero, eta oraingoan Nabarniz Jatetxean batuko direla azaldu dute: antolatzaileekin eta partaideekin batera ibilaldiko beteranoak ere egongo dira bertan.
Ibilaldia lagunartean egiteko ekimen modura jaio zela azaldu dute elkartekoek. Hasiera batean irteera herria txandakatzen joaten ziren, baina azken urteetan Eibarren hastea eta Nabarnizen amaitzea mantendu dute.
Parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa dela jakinarazi dute elkartekoek. Horretarako 655 70 06 52 (Jabi) zenbakira deitu beharko dute. Izena eman ostean, zapatuan bertan 10 euro ordaindu beharko dituzte autobusera igotzerakoan.