Bermeoko Udalak 2020. urterako zergak eta tasak onartu ditu
Barikuan egindako ezohiko osoko bilkuran zehaztu zituzten ordenantza fiskalak.
Bariku goizean ezohiko osoko bilkura egin zuen Bermeoko udalbatzak. Bertan, datorren urtera begirako zerga eta tasen aldaketak zehaztu eta onartu egin zituen udalak.
Zergei dagokienez, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga barnean etxebizitza hutsei ezarritako %50eko errekargua kentzea erabaki zuten domekan. Gainera, Ezaugarri Berezien Ondasun Higiezinei aplikatu beharreko tipoa eguneratu zuten; tipo berria %0,50ekoa izango da.
Igoko duten zerga bakarra, joan den urtean egin modura, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga izango da. Joan den urtean KPIk %2,2ko igoera jasan zuen; aurten zergaren tarifak %1,5eko igoera edukiko du. Berdin geratu diren zergen tarifei dagokienez, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga, Instalakuntza, Eraikuntza eta Obren gaineko Zerga eta Ekonomia Jardueren gaineko Zerga direla nabarmendu du udalak.
Tasek “orokorrean %1,5eko igoera” izan dutela azaldu dute udaletik. Aldaketarik jaso ez duten tasak establezimenduak irekitzeko udal jardueraren tasa, udal azokaren tasa, Bermibus zerbitzuaren tasa, animalien adopziorako zerbitzuen tasa eta azterketetan aurkezteagatik agiriak emateagatik udal zerbitzuaren tasa dira.
Jarduera ekonomiko berriak sustatuz. Gainera, ezohiko bilkuran jarduera ekonomiko berriak zabaltzeko helburua duten hobariak eta neurriak onartu zituzten barikuan. Esate baterako, udal azokan zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasak neurri berria edukiko du: baimen berriak emateagatik sei hilabeteko kadentzia egongo da ordainketetan.
Obra lizentziak egiterakoan jarduera berria irekitzeagatik kuotaren %50eko murrizketa egongo da herri barruko merkataritza lokaletan. Industria gunetik kanpo jarduera berriak irekitzen dituzten negozioek berriz, lehen urtean sastar batze zerbitzuaren %50eko murrizketa jasango dute.