Bi padel pista egin eta hainbat hobekuntza lan egingo dituzte Urbietan
Gernika-Lumoko kirol patronatuak kudeatuko du bi pisten erabilera. Aurreikuspenen arabera, 47.794,9 euro erabiliko dituzte, eta hiru hilabetetan eginda egotea espero dute. Halaber, futbol zelai nagusian legez kanpo eraikitako harmaila eraitsiko dute eta Hego Zelaiaren lurra parekatuko dute.
Urbietako kirol instalazioak hobetzeko proiektua onartu berri du Gernika-Lumoko Udalak, eta martxan jartzeko prest dago dagoenerako. Hala, hobekuntzarik handiena frontoietan gauzatuko dute: bost frontoietako bi kendu eta horien lekuan bi padel pistak egingo dituzte.
Frontoietako bi frontoi txikienen tokian egingo dituzte padel pistak, iparralderanzko aldean dauden bietan hain zuzen.
Frontoi txiki horiek ordezkatzearen erabakia azterlan baten ondorioa izan zela zehaztu du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak: “Uda aurretik hasi eta udan bukatu den kasu azterketa burutu dugu Urbietako bost frontoietan”. Hala, frontoien erabilera zenbatekoa zen aztertu zuten, eta atzeko bi frontoi txiki horiek ez direla “apenas” erabiltzen ondorioztatu. “Hainbat astetan zehar bertan egon dira ikerlariak, eta hiru frontoi nagusiak erabiltzen direla ikusi zuten, baita ere atzeko biak ez zirela apenas erabiltzen”, aitortu du alkateak.
Hori horrela, laugarren eta bosgarren frontoien lekuan 20 metroko luzera eta 10,5 metro zabalera duten bi pista eraikiko dituzte, eta kristalez inguratuta egongo dira. “Ez dugu instalazio berririk eraikiko pistentzako lekua badaukagunean”, esan du Gorroñok. Halaber, pisten erabilera kirol patronatuak kudeatuko duela jakinarazi du.
Bi frontoietan egin beharreko lanak dagoenerako esleituta daudela dio alkateak, eta obrak hiru hilabeteko epean eginda egotea aurreikusi dute udal arduradunek. Hala ere, obren denbora tartea zehaztea ez dela gauza erraza izaten adierazi du Gorroñok. Guztira eta aurreikuspenen arabera, lanok egiteko 47.794,9 euro bideratu dituztela ere esan du.
Parte hartze prozesua. Frontoien ordez padel pistak eraikitzea herritarren eskaerei erantzutea izan dela dio gainera: “Gaur egun, asko dira Zornotza edota Lemoara padelera jolastera joan behar izaten diren herritarrak, eta padel pistak eraikitzeko zenbait eskaera izan ditugu azken urteetan zehar. Hori horrela, eskaera horiei erantzutea erabaki dugu”. Alkateak zehaztu duenez, parte hartze prozesu hori udal aurrekontuak zehazteko unean egin zuten.
Kirola egitea osasunarentzako oso garrantzitsua dela dio gainera, eta padeleko bi pista berriekin herrian beste kirol bat praktikatzeko aukera emango dutela gaineratu du: “Bizilagunak ez dira kanpora joan beharko”.
Frontoietako teilatua ere berriztatuko dute. Urbietako frontoien teilatuaren egoera “ona” den arren, zenbait itogin dauzka, eta kirolarien segurtasuna bermatu asmoz, hobekuntzak egingo ditu Gernika-Lumoko Udalak. Hori horrela, 159.077,71 euroko lanekin metalezko teilatua berriztatzea erabaki dute.
Halaber, futbol zelai nagusian legez kanpo eraikitako harmaila eraitsiko dute. Orain dela 13 urte Urbietako futbol zelai nagusian eraikitako harmaila eraitsiko dute hurrengo hilabeteetan. Udal gobernuak onartutako eta joan den astean esleitutako proiektu da honakoa, eta lanok aurten bukatuta edukitzea espero dute. Obrak egiteko 43.820 euro bideratuko dituztela aurreikusi dute.
Hala, Uraren Euskal Agentziak (URA) urte luzez eskatu diona beteko du Gernika-Lumoko Udalak. Izan ere, Kosta Mugapenaren baimena eduki gabe eraiki zuten harmaila duela hamarkada bat baino gehiago, eta URAk harmaila botatzeko eskatu du behin baino gehiagotan. “Aurtengo urtean URAren eskakizunei erantzuna eman izatea espero dugu”.
Harmaila ez da inoiz erabilgarri egon, baimen faltagatik «bukatu gabe egon delako». Behin harmaila botatzen dutenean gune hori hutsik geratuko dela esan du alkateak. “Oinezkoentzako bidea izaten jarraituko du, eta ibilgailuak ezin izango dira bertatik pasatu”.
Hego Zelaiko lurra ere parekatuko dute, “uholdeak saihesteko”. Urbietako kirol instalazioak hobetu asmoz, Urbieta hegoaldean kokatuta dagoen Hego Zelaia ere berriztatuko dutela jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak.
Futbol zelaia hobetzearen proiektua udalbatzak onartu du azken osoko bilkuran, eta hurrengo asteetan lehiaketara aterako dutela jakinarazi du Jose Maria Gorroñok. Esleipena aurten egitea aurreikusi dute udal arduradunek, “obrak hurrengo urtean egin ahal izateko”.
Futbol zeilako zorua egoera “kaxkarrean” dagoela salatu dute behin baino gehiagotan bertan jokatzen duten taldeek, eta eskaera horiei erantzunez, zorua leundu eta parekatu egin beharko dutela deritzo alkateak: “Euriteek gora beherak eragin dituzte hego zelaian, eta euria egiten duenean uholdeak sortzen dira”. Hala, askotan, norgehiagokak bertan behera utzi behar izan dituztela dio.
Belar artifizioal berria. Zelaia parekatu ostean, belar artifizial berria ere jarriko diotela jakinarazi du alkateak, “orain dagoen belarra zaharkituta geratu delako, eta kirolarien segurtasuna bermatzeko”.
Lan horiek egiteak 343.840 euroko aurrekontua edukiko du