Nagusitasunez hartu du mendean Lointek Gernika Bizkaiak Cadi La Seu
Talde gernikarrak ligan etxean eskuratu duen lehen garaipena izan da. Eguaztenean [urriak 23] Eurokopako bigarren hitzordua du Uni Györren aurka 20:00etan, Malosten.
Lointek Gernika Bizkaiak ez dauka atsedenerako tarterik. Aurreko eguenean [urriak 17] Salamancan Eurokopako lehen partidua jokatu ostean, eguaztenean [urriak 23] bigarren jardunaldia lehiatuko du, Gernika-Lumon. Uni Györ izango du aurrez aurre, 20:00etan. Zapatuan baina, Malosten izan zuen Dia Ligako hitzordua. Cadi La Seuren aurka 66-43, eroso, irabazi zuen talde gernikarrak, etxeko lehen garaipena izan da. Hala ere Mario Lopezek aurkariaren kemena azpimarratu zuen zapatuan: “40 minutuz oso indartsu aritu dira lanean”.
Defentsa eraginkorra eta erasoan bizitasuna izan ziren talde gernikarraren indarguneak, eta hala, lehen minutuetatik hartu zuten abantaila partidu osoan mantendu zuten: “Oso goiz hartu dugu abantaila, eta hori izan da gako nagusia”. Margaret Roundtreeren, Nicolina Milicen eta Julie Wojtaren saskiratzeek hasiera-hasieratik argi utzi zuten zein norabide hartuko zuen neurketak. Nagusitasun osoz mugitu ziren jokalariak kantxan, eta errebotea guztiz kontrolatu zuten (25-11).
Bigarren laurdenean apur bat lasaitu zen Lointek Gernika Bizkaia, baina aurretik lortutako abantailak ez zituen jokalariak beldurtu (35-24). “Lasaitu egin gara, eta ondorioz, saskiratzeetan huts egin dugu. Hala ere, defentsa lan onak ahalbidetu digu abantaila mantentzea”.
Atsedenalditik bueltan, aldeak gora egin zuen. 17 puntu aurretik zegoen talde gernikarra, baina ez zuten erritmoa baretu. Garaipena ziurtatuta zegoela bazekiten, eta eguaztenean berriz Eruokopako hitzordua dutela jakitun, ez zuten gehiago arriskatu (66-43). “Hiru partidu jokatuko ditugu denbora gutxian, eta jokalariak nekatuta ez egotea garrantzitsua da. Horregatik, taldeko sendagileen lana goraipatu nahiko nuke”.
Eurokopa. Perfumerias Avenidaren aurka 62-59 galdu ostean, Eurokopako lehenengo garaipena eskuratzeko aukera izango du talde gernikarrak eguaztenean, Malosten.
Neurketa lehiatua izan zen F multzoko lehenengoa. Belen Arrojok adierazi bezala, “ikusteko oso polita” izan zena. Lehen laurdenena aurretik bukatu bazuten ere, Lopezek gidatutako jokalariek ezin izan zuten aurkariak ezarritako erritmoa mantendu, nahiz eta 40 minutuetan zehar Avenida estu hartzen asmatu zuten. Horrela aitortu zuen entrenatzaileak partiduaren ostean egindako adierazpenetan: “Markagailuan aurretik egon gara denbora luzez eta baloiaren galera kontrolatu dugu, aurkarien saskiratzeak saihestuz. Beharbada saskiratzeetan asmatzea falta izan zaigu, baina egindako ahaleginarekin pozik nago”.