Jardunaldi gazi-gozoa izan da Gernika Rugby Taldearentzat
Emakumeen Euskal Ligako taldeak 29-48 irabazi zuen zapatuan Domiberia C Riojaren aurka. Ohorezko B Mailako taldeak, aldiz, 15-20 galdu zuen Universidad Bilbao Rugbyren kontra, Urbietan.
Gernika Rugby Taldeak hitzordu garrantzitsuak izan ditu ligan. Zapatuan [urriak 19] jokatu zituzten Ohorezko B Mailako eta Emakumeen Euskal Ligako partiduak, baina ezin izan zuten jardunaldia guztiz borobildu. Denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuten Gernika RTko neskek Domiberia C Riojaren aurka, Errioxan (29-48). Aldiz, denboraldiko bigarren porrota jaso zuen gizonezkoen lehen taldeak Universidad Bilbao Rygbyren aurka, Urbietan.
Euskal Ligan behetik gora egiten ari da talde gernikarra. Aurkariak baino itxura hobea aurkeztu zuen zelaian, eta joko hobea erakutsi zuten. Baloiaren kontrolak eta ” hartutako erabaki onek” atsedenaldira abantailarekin joatea ahalbidetu zien jokalariei: 10-41.
Bigarren zatia indartsu hasi zuen Domiberia C Riojak, eta lehen minutuetan egindako entseguak indarberritu egin zuen taldea. Hala ere, azkar jarri ziren Gernika RTko neskak berriz ere martxan, eta “sufritu” egin bazuten ere, “joko ona” berreskuratu zuten. 29-48 bukatu zen neurketa, eta bost puntu gehiagorekin itzuli ziren etxera.
Porrot mingarria. Ohorezko B Mailako bosgarren jardunaldia lehiatu zuen lehen taldeak 16:30ean, Urbietan, baina basurdeek ezin izan zuten Universidad Bilbao Rugby mendean hartu (15-20). Partidu parekatua izan zen hasiera-hasieratik. Talde gernikarrak baloiaren jabetza izan zuen, baina ez zuten hartutako erabakietan asmatu. Egindako akatsak garesti ordaindu zituzten. Erasokor aritu zen Universidad Bilbao Rugby, baina etxeko taldea abantailarekin joan zen atsedenaldira (10-3).
Bigarren zatian, nagusi izan ziren bilbotarrak. Fisikoki indartsuagoak baziren ere, basurdeak ez ziren talde lanean ondo aritu. “Partiduak irabazteko konpondu beharreko akatsa” dela azpimarratu dute ordezkariek. Aurreko jardunaldietan agerian egon diren jokabideak errepikatu direla diote.