Memoria eta ondare sinboliko, historiko eta kulturala aztertzeko ibilbide gidatuak egingo dituzte asteburuan
Bakearen Museoaren 'Memoritour Gernika' programaren barruko bisita gidatuak dira. Bestalde, jolas kooperatiboak egingo dituzte domekan.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren Memoritour Gernika programaren ibilbide gidatuak egingo dituzte bihar eta etzi. Bisitariek museoko sarrera eta bi euro ordainduta egin ahalko dute Memoritour Gernika (museoko bisita barnean sartzen delako).
Monumentuak eta memoria ibilbidea egingo dute bihar, 11:30etik aurrera. Biktimen oroimenez eraikitako ondare sinboliko eta monumentala aztertuko dute. 12:45ean hasita, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren lekuko diren babesleku antiaereoak bisitatuko dituzte.
Etzi, berriz, bonbardaketaren ostean herriaren berreraikuntza zelan egin zuten azalduko dute, 11:30etik aurrera. Derrigorrezko eskulana egin zuten gerrako presoek eta preso politikoek Gernikaren parte bat berreraiki zuten.
12:45ean hasiko dute Picasso eta Gernika ibilbide gidatua. Artista andaluziarra inspiratu zuen herriaren eta bere lan ikonikoaren arteko lotura egingo dute geldialdietako lekuetan.
Umeentzako jolasak
Bestalde, Igandea museoan ekimenaren barruan, jolas kooperatiboak egingo dituzte etzi, 11:30etik 13:30era (doan).”Lankidetza, taldean jolastea inor kanporatu gabe, bata besteagandik ikastea eta antzeko balioak lantzea da helburua”, azaldu dute.
94-627 02 13 deituta izena eman behar da.