Macarena Recuerda Shepherd artistak sortutako antzerki lan garaikidea gaur, Lizeo Antzokian
Dantza eta performance-a batzen dituen ikuskizuna eskainiko dute Macarena Recuerda Shepherd eta Idurre Azkue artistek, 20:30etik aurrera.
Macarena Recuerda Shepherd artistak Ay! Ya! adin guztientzako dantza ikuskizuna dakar Lizeo Antzokira. Gaur 20:30ean hasiko da dantza eta performance-a uztartzen dituen emanaldia (sarrera arrunta 8 euro eta Laguna Txartelagaz 6 euro).
Antzerki lan garaikidea da, eta adin guztietako jendartea jartzen du esperientzia estetiko eta irudimentsuaren aurrean. Izan ere, irudimenaren bitartez, errealitatea forma ezberdinetan hautematera eramaten gaituen ilusio bat da, edo ikusmenak sortutako engainu bat. Efektu honek agerian uzten du begiak ez direla gertatutako guztia grabatzen duten bideokamerak, baizik eta burmuinak zentzumenek eskaintzen dioten informazioa interpretatu eta berreraikitzen duela.
Recuerdak eta Idurre Azkuek interpretatu eta Alberto de la Hoz-ek jartzen dio soinu banda.