'Geure natura' gaiari buruzkoa da 2020ko egutegiaren argazki lehiaketa
Herritarrek azaroaren 15era arte bidali ditzakete argazkiak. Abenduaren 20an egingo dute sari banaketa ekitaldia.
Gautegiz Arteagako Udalaren 2020ko egutegia egiteko argazki lehiaketa martxan dago. Geure natura gaia jarri dute aurten, eta azaroaren 15era arte (12:00ak baino lehen) jasoko dituzte argazkiak.
“Gure herrian aparteko natura daukagu, paisaia ederrekin. Gainera, udazkeneko koloreak argazkiak ateratzerakoan guztiz lagungarriak dira. Paisaia zabalak edota zertzelada txikiak atera daitezke”, nabarmendu du Juan Felix Naberan alkateak. Haren berbetan, lehiaketak “ospe handia” dauka herritarren artean, eta urtetik urtera gero eta partaide gehiago ditu.
Herritarrek udaletxean utzi edo posta arruntez (Herriko Enparantza 1, Gautegiz Arteaga, 48314) edo posta elektronikoz (udala.gautegiz@bizkaia.org) bidali behar dituzte argazkiak.
Jasotakoen artetik hamabi aukeratuko dituzte egutegirako, hilabete bakoitzeko bana. Parte hartzeko ezinbestekoa da argazkiak udalerrian ateratakoak izatea. Lehiaketaren oinarriak udalaren webgunean daude ikusgai (www.gautegizarteaga.com).
Abenduaren 20an, 19:00etatik aurrera banatuko dituzte sariak, Kultur Etxean. Lehiaketagaz zerikusia daukan sariak jasoko dituzte irabazleek. Gainera, erakusketa ere jarriko dute.