Zesta punta izango da protagonista barikuetan, Jai Alai frontoian
'Gernikako barikuak' egitasmoa martxan jarri du Gernika Jai Alai Eskolak. Hala, 17:30etik aurrera lau partidu jokatuko dituzte eskolako puntistek 2019/2020 denboraldiko bariku guztietan.
2019/2020 denboraldiko bariku guztietan zesta-punta partiduak egongo dira ikusgai herriko frontoian, izan ere, ‘Gernikako barikuak’ egitasmoa martxan jarri du Gernika Jai Alai Eskolak. 17:30etatik aurrera, launa partidu jokatuko dituzte “maila guztietako puntistek”, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, “taberna ere zabalik” egongo da.
Urriaren 4an hasi zuten egitasmoa, eta hirugarren zesta punta jardunaldia izango dute bihar arratsaldean zaletuek, baina zuriz jantzita jokatuko dutenen izenak argitaratu badituzte ere, “azken orduko aldaketak” egon daitezkela adierazi dute.
Hala ere, Gernika Jai Alai Eskolako arduradunek azaldu dute helburua “gure eskolako puntistak trebatzea” dela, eta egitasmoa garatzen jarraituko dutela diote: “Beste herri eta eskoletako puntistak ere ekarri nahi ditugu. orain arte gure kirolariek baino ez dituzte partiduak jokatu, baina apurka-apurka beste eskoletako gazteen partiduak ikusteko aukera izango dugu”. Partidu ofizialez gain, adin guztietako puntistak jokatzen ikusteko aukera luzatu nahi die herritarrei, baina profesional mailako kirolariak ekartzeko asmoa ere dute.
Zesta-puntaren ondarea. Ondarearen Europako Jardunaldiak direla-eta, Gernika Jai Alai Eskolak eta udalak frontoian jokatzeko aukera eskaini zien interesatuei urriaren 12an. 30 lagun elkartu ziren, eta ibilbide gidatu bat egin zuten aurretik. Zapatuan [urriaren 19], berriz batuko dira egitasmoa errepikatzeko, 11:00etan, Turismo Bulegoan.