Hitzordu garrantzitsuak ditu Gernika Rugby Taldeak asteburuan
Zapatuan [urriak 19] jokatuko dituzte partiduak Ohorezko B Mailako (16:30ean, Urbietan) zein Euskal Ligako nesken taldeek (17:00etan, Errioxan).
Aurreko asteburuko atsedenaldiaren ostean, Gernika Rugby Taldeak hitzordu garrantzitsuak ditu zapatuan [urriak 19]. Ohorezko B Mailan dagoen taldeak bosgarren jardunaldia jokatuko du Universitario Bilbao Rugby taldearen aurka, eta neskek Domiberia C Rioja izango dute aurkari hirugarren jardunaldian.
2019/2020 denboraldia indartsu hasi ostean, Urbietako zelaian jokatuko dute basurdeek, 16:30ean. Uribealdea RKEren kontrako partiduan egindako akatsak zuzenduta ekingo diote ligako laugarren garaipena eskuratzeko lehiari. Sailkapen orokorrean hirugarrena da Gernika RT, 15 punturekin, eta mailaz berriz igotzeko borrokan sartuta dago.
Neskek, aldiz, 17:00etan jokatuko dute, Domiberia C Riojaren zelaian. Taldeak Euskal Ligako lehen garaipena eskuratu zuen bigarren jardunaldian, eta emaitza errepikatzeko asmoz irtengo dira, berriz ere, lehiara. Denboraldi hasieran taldea osatzeko zailtasunak izan zituzten, baina apurka-apurka egitura sendotzen ari dira. Klubeko ordezkariek jakitera eman dutenez, Charlotte Kate Horan australiarra fitxatu berri dute, Tuggeranong Vikings Rugby Club taldetik iritsi da.
Sailkapen orokorrean zazpigarrena da talde gernikarra, 5 punturekin.