Bengoetxea VI.ak eta Artolak indarrak neurtuko dituzte Santanape pilotalekuan
Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkaren B multzoko bigarren jardunaldiko hitzordua dute pilotariek, bihar. Aurretik, Olaizola II-Aretxabaleta eta Peña II-Albisu bikoteen arteko neurketa jokatuko da.
Lau t’erdiko Txapelketako partidua jokatuko dute bihar Oinatz Bengoetxeak eta Iñaki Artolak Gernika-Lumoko Santanape pilotalekuan. Final-laurdenetako ligaxkaren B multzoko bigarren jardunaldiko hitzordua da.
20:00etan hasiko da pilota jaialdia, eta lehenengo, Olaizola II-Aretxabaleta eta Peña II-Albisu bikoteen arteko neurketa jokatuko da. Ostean irtengo dira kantxara lau’terdiko pilotariak, eta txapelketan aurrera egiteko indarrak neurtuko dituzte. Bengoetxea VI.ak eta Artolak lehen jardunaldiko partidua galdu zuten, beraz, biharko galtzailea lehiaketatik kanpo gera daiteke.
Sarrerak. Santanape pilotalekura hurbildu nahi dutenek Baiko Pilotaren webgunean (www.baikopilota.eus) eros ditzakete sarrerak, 10, 15 eta 20 euro ordainduz. Horrez gain, frontoiaren lehiatilan, Aterpe eta Azules tabernetan zein Endika Kafetegian ere daude salgai.
Gernika-Lumoko Udalak antolatu du hitzordua, Baiko Pilota elkartearen laguntzagaz.