Bahrain-Meridak Pello Bilbao Lopez de Armentia fitxatu du
Atzo eman zuen taldeak jakitera albistea, eta datozen bi denboraldietan ariko da txirrindulari gernikarra Bahrain-Meridan. Besteak beste, Mikel Landa murgiarra izango du taldekide.
Pello Bilbao Lopez de Armentia txirrindulari gernikarra Bahrain-Merida taldean ariko da datozen bi denboraldietan. Atzo eman zuen taldeak fitxaketaren berri, eta besteak beste, Mikel Landa murgiarra izango du taldekide.
Euskaltel-Euskadirekin egin zuen salto profesionaletara gernikarrak 2011. urtean, eta ordutik, Caja Rural-Seguros RGA (2014-2016) eta Astana Pro Team (2017-2919) taldeetan lehiatu da. 29 urte ditu eta inoizko denboraldirik arrakastatsuena bukatu berri du.
Bahrain-Meridak sei fitxaketa berri iragarri zituen atzo. Bilbaoz gain, Rafael Valls, Eros Capecchi, Scott Davies, Marco Haller eta Kevin Inkelaar batu dira taldera.
Denboraldi borobila. Iaz, Italiako Giroko sailkapen nagusian seigarren egin ostean, aurten bi etapa irabazi ditu hiru asteko lasterketa italiarrean: zazpigarren etapan , L’Aquilan; eta Croce D’Aune-Monte Avena, azken aurreko etapan. Biak ihesaldian sartu ostean lortutakoak izan dira. Horrez gain, Frantziako Tourrean parte hartu du aurrenekoz, eta hamabigarren etapan Simon Yates baino ez zuen aurretik izan, Bagnères-de-Bigorren. Sprint estua lehiatu zuten, beste behin, eguneko ihesaldian sartu eta gero.
Denboraldiko emaitza aipagarrien artean daude ere Valentziako eta Murtziako itzulietan hirugarren sailkatua izana. Murtzian, gainera, lehen etapa irabazi zuen, San Javierren. Espainiako Erlojupeko Txapelketan, bestalde, bigarrena izan zen ekainean; eta zortzigarrena errepideko proban.