Udal ortu ekologikoak bisitatu dituzte Durangoko San Antonio Ikastetxeko ikasleek
Proiektuaren nondik norakoak zein Nekazaritza jardueraren produkzio zikloari buruzko informazioa jaso dute. Merkatu plazan ere egon dira.
Durangoko San Antonio Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak Gernika-Lumoko Ibarrako udal ortu hiritarra bisitatu dute gaur, eta Merkatu plazan ere egon dira.
Nekazaritza jardueraren produkzio zikloaren informazioa zabaltzea izan da bisitaren helburua. Horrela, ikasleek nekazaritza jardueraren produkzio zikloak ezagutu dituzte, hasieratik, salgai jartzen diren arte.
Ibilbide gidatua egin dute neska-mutilek ortuetan zehar, eta bereiztu ahal izan dituzte landatutako espezieak eta ureztatze sistema.
Piperra eta Gatza proiektuaren barruan, ortu ekologikoen ekimena 2015ean jarri zuten martxan Gernika-Lumon. Nekazaritza ekologikoa eta autokontsumoa bultzatzeko helburuagaz ekin zioten proiektuari. Horrez gain, erabili gabe zeuden partikularren lursailei erabilera eman gura izan zieten.
Udalak 60 eta 75 metro karratuko eremuak egokitu zituen. Udalerrian erroldatuta dauden pertsonen artean, adjudikazioak egiteko administrazio-emakide lehia askea erabili zuen udalak.
Jakinarazi dutenez, gaur egun, 130 lur-eremu daude langintza horretarako gaituta.