Jon Lopategi omenduz, emanaldi berezia egingo dute Urriko Azken Astelehenaren bezperan
Argi Baltza Jon Lopategiri omenaldia hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak, urriaren 27an (domeka), 18:00etan hasita.
Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke herriko Auzokoa Tabernan, BBKren orotarako kutxazainetan edota online bidez ( https://tickets.kutxabank.es/). 10 eurotan daude salgai.
Lilibertsokoek Astelehen bezperako bertso saioa egin izan dute azken urteotan, Urriko Azken Astelehenaren aurreko egunean, eta oraingoan emanaldi berezia prestatu dute hitzordu horretarako.
Atzo iragarri zutenez, Jon Lopategiren eskola zein plazatan hurrekoak izandakoak igoko dira oholtzara. Bertsoak eta beste zenbait modalitate uztartuko dituzte saioan.
Jabi Arriaga Txiplas, Juan Mari Areitio, Onintza Enbeita, Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Fredi Paya, Jone Uria eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan eta Xabi Paya edukiko dute gai jartzaile. Horiekin batera honako gonbidatu bereziak ere egongo dira: Mikel Urdangarin, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala, Xabier Amuriza eta Josu Goikoetxea.