Erreferenduma ez dela delitua aldarrikatu dute Busturialdeko herritarrek
Kataluniako buruzagi independendisten kontrako epaia ezagututa, kalera atera dira Gure Esku-ren deialdiagaz bat eginda. Zapatuan Donostian egingo den manifestaziorako autobusak egongo dira Bermeotik eta Gernika-Lumotik.
Kataluniako buruzagi independendistei ezarritako zigorren aurkako elkarretaratze zaratatsuak egin zituzten atzo Busturialdeko hainbat herritan, Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna lelopean.
Espainiako Auzitegi Gorenak atzo ezagutzera eman zituen 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituen bederatzi buruzagi independentisten aurkako espetxe zigorrak, eta epaia jakin orduko, Gure Esku herri dinamikak elkarretaratzeak deitu zituen herriz herri. Horrez gain, zapatu honetan (urriak 19) manifestazioa egingo dute Donostian (17:30), eta Busturialdetik autobusak antolatu dituzte bertara joateko. Bermeon, 15:00etan aterako da autobusa, Erretenetik, eta Gernika-Lumoko Geralekutik 15:15ean.
Bermeoko autobuserako Bilgunean, Bola Tokin, Alkartetxean, Zubi Ganen edo Gure Eskuren lokalean (11:30-13:20/18:30-20:30) izena eman behar da; barikua (urriak 18) da azken eguna. Gernika-Lumon, Arranon eta Lagun Etxea tabernan izena eman behar da.
Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie espetxean dauden buruzagi independentistei. Behin-behinean espetxean zeudenak dira kartzelara zigortu dituztenak. Beste hiru, berriz, desobedientziagatik zigortu dituzte, eta, horrenbestez, ez dira espetxera joango.
Matxinada baztertu, eta sedizio delituagatik zigortu ditu Auzitegi Gorenak bederatzi horiek. Zigor handienak Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuari eta Generalitateko kontseilari zirenei ezarri dizkie. Espetxe zigorragaz batera, inhabilitazioak ere ezarri dituzte, eta diru publikoaren erabilera bidegabearengatik ere zigortu dituzte Junqueras, Raul Romeva, Dolors Bassa, Jordi Turull, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart eta Carme Forcadell.
Fiskaltzak eskatuta zuen akusatuei hirugarren gradurik ez ezartzeko zigorraren erdia betea izan arte, baina Gorenak atzera bota du fiskalaren eskaera, eta ez du halako baldintzarik jaso ebazpenean. Beraz, zigorraren laurdena betetakoan atera ahal izango dira kalera. Epaitegiak zehaztu du hark ezin dituela aurrez debekatu espetxe zaintzak har ditzakeen erabakiak, baina ohartarazten du, halaber, berea izango dela azken hitza espetxe onurei dagokienez.
Atzoko argazkiak ( Gure Esku + Hitza):