41. Ibilaldi Neurtua egingo dute Goi Zalekoek domekan
Gernika-Lumon 08:00etan irtenda, 22 km-ko ibilbidea egingo dute.
Gernika-Lumon hasi eta amaituko dute domekako (urriak 20) ibilaldi neurtua. 22 kilometroko ibilbidean, besteak beste, Barrutia, San Lorentzo, zabortegi zaharra, Ikazurieta, Gabika, Oma, Santimamiñe eta Bird Center zeharkatuko dituzte.
“Laupabost orduko ibilaldia da. Beti ibilbideak aldatzen ahalegintzen gara, baina hainbeste urteren ostean, batzuk errepikatu egin behar izaten ditugu. Aurten, esaterako, Gautegiz Arteagatik Gernika-Lumora itzultzeko egin berri duten pasabidea estreinatuko dugu”, azaldu dute Goi Zale Mendi Taldearen ordezkariek.
08:00etan jarri dute irteera-ordua taldearen lokalean (Pedro Elejalde kalea 8 – Txorraburu –). Jakitera eman dutenez, ibilaldiaren erdialdera zein amaieran janaria eta edaria eskainiko dute.
Gainera, parte hartzaileen artean ere zozketa egingo dute; menditik ibiltzeko makilak zozkatuko dituzte.
Izen ematea doakoa da. Aurretiaz izena eman gura dutenek, 639 64 67 23 edo 94-625 84 78 telefono zenbakietara deitu edo goizale@goizale.com posta elektronikora mezua bidali behar dute. Goi Zaleren lokalean ere izena eman ahalko da eguenean (urriak 17), 20:00etatik 21:30era. Izena ematean datu hauek jarri behar dira: izena, abizenak, herria, kluba (baten batekoa izanez gero).
Hala ere, domekan bertan ibilbidea hasi aurretik izena eman ahalko dela zehaztu dute. 07:15etik 08:00etara emango dute horretarako aukera, taldearen lokalean bertan.