Teknologia ardatz duten ikastaroak egingo dituzte Sukarrietan
Android sistema eragilea duten smartphone eta tabletak eraman beharko dituzte parte hartzaileek. Izena emateko epea urriaren 25era arte dago zabalik.
Sukarrietako Udalak eta KZ Guneak elkarlanean teknologia ardatz duten hiru ikastaro antolatu dituzte. Horietan parte hartu nahi duenak udaletxean izena eman beharko du, urriaren 25a baino lehen, egun hori barne. Parte hartzaileen kopurua mugatuta dagoela adierazi dute. Hiru ikastaroak azaroan egingo dituzte.
Lehen ikastaroan smartphonen eta tableten erabilera landuko dute. Zure Android erabilgarria erabiltzen ikasi izenpean, ikastaroak 14 orduko iraupena izango du, eta azaroaren 4tik 12ra bitartean egingo dituzte saioak, 09:00etatik 11:00etara.
Berehalako mezuak zure Smartphonean izeneko bigarren ikastaroak whatsapp aplikazioa hartuko du ardatz bezala. Azaroaren 13an eta 14an egingo dituzten bi saioek berriz ere bi orduko iraupena edukiko dute, 09:00etatik 11:00etara bitartean.
Amaitzeko, egingo duten azken ikastaroak hitzaldi formatua hartuko du. Bertan Android sistema eragilea modu egokian erabiltzen ikasteko gakoak azalduko dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ikastaroetan parte hartzeko nahitaezkoa izango da Android motako telefono edo tabletak eramatea, “horien sistema eragileari eta whatsapp aplikazioari buruzkoak izateagatik”.