Foruko Udalak Kantaleko bihurgunearen gune arriskutsua ekiditeko bidegorriaren zati berria amaitu du
Urriaren 13an, domekan, inauguratuko dute bidegorria. Obrekin "bidean ikuspena hobetu eta bide segurtasuna irabazi" egin dutela adierazi du udalak.
Elexalde eta Kantale batzen dituen bidegorriaren zati berriaren lanak amaitu berri ditu Foruko Udalak. Bide berriak 177 metroko luzera du, eta bi auzoak barnealdetik batzen ditu, Forua eta Busturia arteko oinezkoentzako zein bizikletentzako bideari jarraipena emanez.
Hori horrela, amaitu duten zati berriagaz “bidean ikuspena hobetu eta bide segurtasuna irabazi” egin dutela azaldu du udalak. Izan ere, obrak egin aurretik Kantaleko bihurgunea gune arriskutsua zen bertatik igarotzen zirenentzat. Tarte berria hori ekiditeko helburuagaz sortu dute.
Eskualdea lotzeko bidea. Gainera, egindako lanekin bidegorriak Elexaldeko iparraldea Foruko erdiguneagaz lotu dute. Horrek asmo handiko beste proiektu batekin harreman zuzena duela azaldu dute udaletik. Zehazki, Gernika-Lumoko Tiloetako ibilbidea Foruagaz lotu gura dute modu horretara.
Mikel Magunazelaia Foruko alkatearen berbetan, “gure bidegorria asko erabiltzen dute forutarrek eta baita eskuadeko herritarrek ere. Ibilbide atsegina da, irisgarria, eta bere irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea beharrezkoa zen Kantaleko puntu baltza gaindituz. Gainera, herriko erdiguneagaz lotura zabaldu da. Udaletik irtenbide onena bilatzeko lan egin dugu eta emaitzagaz pozik gaude. Guztiok aisialdi osasungarriaz gozatzearen alde egiten dugu Foruan”.
Aparkalekuetan ere irabazi egin dutela nabarmendu dute. Egindako obrekin guztira “hamar aparkaleku” berri sortu dituzte; horietako bat mugikortasun murriztua duten pertsonentzako da.
Bidegorria luzatzeko lanek 98.000 euroko aurrekontua izan dutela zehaztu du udalak. Horietatik 22.820,68 euro Bizkaiko Foru Aldundiak emandakoak izan direla adierazi du, Azpiegiturak Programaren barneko diru laguntza modura.