Lointek Gernika Bizkaiak bigarren garaipena eskuratu du ligan
Zaragozan lehiatu zuten zapatuan [urriak 5] Dia Ligako bigarren jardunaldia, eta talde gernikarrak 48-68 garaitu zuen Mann Filter Casablanca. 4 punturekin ligako lidertza partekatzen du Avenida, UNI Girona eta Sedis Bàsquet taldeekin. Etzi [urriak 9] lehen partidua jokatuko du Malosten, Clarinos Teneriferen aurka.
Lointek Gernika Bizkaiak indartsu jarraitzen du Dia Ligan, izan ere, bigarren jardunaldian ere garaipena eskuratuta, taldea aurredenboraldiko aurreikuspenak betetzen ari da. Pasaden asteburuko Open Day-an bezala, Zaragozan jokatu zuten partidua, baina oraingoan, Mann Filter Casablanca mendean hartu du (48-68). 4 punturekin, Avenida, UNI Girona eta Sedis Bàsquet taldeekin lidertza partekatzen du.
Lehenengo jardunaldian erakutsitako aurpegi berbera azaldu zuen Lointek Gernika Bizkaiak, zapatuan [urriak 5]: joko bizkorra eta defentsa lan eraginkorra. Neurketa bizi hasi zuten bi taldeek. Margaret Roundtreekek egin zituen talde gernikarrarentzat lehen saskiratzeak, eta bitartean sendo blokeatu zituzten Mann Filter Casablancako Cierra Dillard, Merrit Hempe eta Kamile Nacickaite. Zelaian sakontasuna bilatu zuten Mario Lopezek gidatutako jokalariek, eta Julie Wojtaren azkartasunak eragina izan zuen lehen laurdenaren bukaerak (15-20).
Indartsu itzuli zen talde gernikarra kantxara, bigarren laurdenean ere, ordura arteko joera errepikatu baitzen. Wojtak nahi zuen guztia egin zuen, era guztietako saskiratzeak egin zituen, eta aurkariarekiko abantaila handitzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Juana Molinak hirukoa sartu eta Mann Filter Casablancako entrenatzaileak, Fabian Tellezek, partidua etetea erabaki zuen (17-27). Nogaye Lo, Gaby Ocete eta Roundtree bikain aritu ziren aurkariaen erasoak ezeresean uzten. Atsedenaldian markagailuak 24-36 zekarren.
Hirugarren laudenera lasai irten ziren Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak. Bizitasuna falta izan zitzaien, eta Zaragozako taldeak neurketa estutzea lortu zuen (32-36). Lopezek, egoera ikusita, etenaldia eskatu zuen, eta entrenatzailearen mintzaldiak eragina izan zuen: indarberrituta itzuli ziren kantxara jokalariak. Belen Arrojoren eta Blake Dietricken saskiratzei esker martxa berrartu zuten (41-56). Defentsa lan gogorra egitea zegokien talde gernikarreko jokalarieri, aldea mantendu eta garaipena ziurtatzeko. Azken laurdenean handitu egin zen bi taldeen arteko aldea, partidua hautsi egin zen guztiz (48-68).
Etxean debuta. Bigarren garaipena eskuratu zuen Lointek Gernika Bizkaiak zapatuan, eta 4 punturekin Dia Ligako sailkapenean hirugarren postuan dago, nahiz eta lidertza partekatzen duen Avenida, UNI Girona eta Sedis Bàsquet taldeekin. Etzi [urriak 9], Malosten estreinakoz jokatuko du 2019-2020 denboraldian, eta Clarinos Tenerife izango du aurrez aurre. Talde kanariarra bederatzigarrena da (3 puntu), paridu bana irabazita eta galduta.