Garaipen garrantzitsuak eskuratu ditu Gernika Rugby Taldeak, asteburuan
Zapatuan [urriak 5] gizonezkoek 23-43 hartu zuten mendean Uribealdea RKE, Ohorezko B Mailan. Atzo [urriak 6], berriz, Euskal Ligako lehen puntuak lortu zituzten neskek Universidad Bilbao Rugbyren aurka 26-27 irabazita.
Gernika Rubgy Taldeak hirugarren garaipena eskuratu zuen zapatuan [urriak 5], Mungian. Basurdeek Uribaldea RKE mendean hartu zuten 23-43, eta hirugarren daude sailkapen orokorrean, 15 punturekin. Ohorezko B Mailan ari da Gernika RT, baina jada erakusti du mailaz igotzeko borrokatuko duela.
Aurreko asteburuko porrot mingarriaren ostean, jokalariak zelaira gogotsu irten ziren. Nagusitasuna erakutsiz, baloiaren jabe izan ziren lehen minutuetatik. 14. minuturako 3-10 ziren basurdeak nagusi, eta pixkanaka-pixkanaka aldea handitzen joan zen. Atsedenaldian markagailuak 16-29 zekarren.
Bigarren zatian itxura hobea erakutsi zuen etxeko taldeak. Gernika RTak akats asko egin zituen, eta bazirudien Uribealdea RKE partidua iraultzeko gai izango zela, baina defentsan egindako lanak emaitza ona eman zien basurdeei.
Lau jardunaldi lehiatu dituzte eta hiru garaipen lortuta indartsu hasi dute 2019/2020 denboraldia. Hala, datorren asteburuan ligako hitzordurik izango ez dutela kontuan izanda, akatsak zuzentzeko lanean jarraituko du taldeak.
Neskak irribarretsu. Gernika RTko neskek Euskal Ligako lehen garaipena eskuratu zuten atzo, Bilbon. Universidad Bilbao Rugbyren aurka 26-27 irabazita, irribarretsu bueltatu ziren taldekideak herrira. “Emaitza oso justua izan zen baina merezitako garaipena lortu genuen, oso borrokatua. Partidua bi jokalari gutxiagorekin jokatu genuen. Izan ere, hasteko, bat falta zitzaigun, eta lehen minutuetan beste batekin min hartu eta neurketa utzi egin behar izan zuen. Harro gaude egindako lanagatik”.
Taldea osatzeko zailtasunak direla-eta, denboraldi gogorra dute aurretik neskek, baina dagoeneko, animoak goratzeko beharrezkoa zuten bultzada lortu dute. “Datozen bi asteburuetan ez dugu ligako jardunaldirik, beraz, atseden hartzeko aprobetxatuko ditugu, inadarrak hartu, eta taldera batuko zaizkigun hiruzpalau jokalari berriekin gogotsu eta indartsu berrartuko dugu liga”.
Sailkapen orokorrean zazpigarrena da talde gernikarra, 5 punturekin. Datorren asteburuan Domiberia C Riojaren aurka dute partidua, eta gogotsu zelairatuko dira bigarren garaipenaren bila.