120 abelburu piriniotar hartuko ditu Urriko Lehen Asteleheneko Azokak
27 ganadutegik parte hartuko dute 34. Piriniotar Abelburuen Euskadiko Txapelketan, eta 30 postutan baserriko produktu onenak dastatzeko aukera egongo da.
Urriko Lehen Astelehena ospatuko dute astelehenean Gernika-Lumon, eta Piriniotar Abelburuen Euskadiko 34. Txapelketa lehiatuko dute 120 abelburuk Santa Ana aparkalekuan.
Guztira 27 ganadutegik parte hartuko dute, eta urtero legez, behi arraza hori hazten duten abeltzainek abelbururik onenak ekarriko dituzte udalerrira, bi egunez.
Abereek hainbat kategoriatan sailkatuta lehiatuko dute, eta horien adina, sexua, morfologia, kumea izan duten ala ez, eta erakuslekutik nola ibiltzen diren ikusita aukeratuko dituzte abelbururik onenak epaileek.
Horrenbestez, lehen sektoreko erreferentzia gune eta piriniotar arrazaren erakustoki bihurtuko da Santa Anako aparkalekua. Izan ere, haragitarako abelgorriek gero eta pisu handiagoa hartu dabe euskal nekazaritza- ustiategietan, esne behien kalterako.
27 abeltzain. Aurten ospatuko den 34. Euskadiko Txapelketan 27 abeltzainek parte hartuko dute; gehienak bizkaitarrak izango dira. Hain zuzen, herrialdeko hamalau abeltzain etorriko dira Gernika-Lumora, sei gipuzkoar eta zazpi nafar; iaz baino hiru abeltzain gehiagok parte hartuz.
Domekan 10:00etan zabalduko dute azoka, baina 11:00etan hasiko da abere emeen lehiaketa. Arren lehiaketa, berriz, arratsalderako utzi dute. Domekan bi adituk baloratuko dituzte abereen ezaugarriak, eta hiru onenak aukeratuko dituzte txapelketaren hamalau sailetan.
Astelehenean, epaileek aurrez sailkatutako abere horien artean aukeratuko dituzte behi eta zezen onenak, intseminazioko emerik onena eta ganadutegirik onena.
Azokan, 30 postu. Beti bezala, baserriko produktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera edukiko dute bertaratutakoek. Label kalitateko piriniotar okela, esaterako, domekan egongo da dastagai.
Oraingoan, iazko legez, 30 saltoki egongo dira, eta denetariko produktuak salduko dituzte. Besteren artean, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastela, gazta eta etxean egindako beste hainbeste produktu edukiko dituzte aukeran azokara doazenek. Artisaulanak ikusi eta erosteko aukerarik ere ez da falta izango azoka eremuan.
Halaber, piriniotar arrazagaz urte luzez lan egin duten bi abeltzain omenduko dituzte astelehenean. Hilario Lasa eta Pedro Katerain. Epife zein Asgapir elkarteetan lan egin dute, eta urriko lehen astelehenean ere hainbatetan egon dira Gernika-Lumon. “Urte luzez egindako lana saritu gura diegu, euren lana balioan jarri”, aitortu du Iñaki Gorroñok.
EGITARAUA:
Domeka, urriak 6:
- 10:00. Azokaren aukezpena. Postuen irekiera: Sagardoa, txakolina, gazta eta abar.
- 10:30. Trikitixa.
- 11:00. Abere emeen lehiaketa
- 17:00. Abere arren lehiaketa
Astelehena, urriak 7:
- 10:00. Trikitixa.
- 10:30. Postuen irekiera: Sagardoa, txakolina, gazta eta abar.
- 12:30. Eme txapeldunaren, ar txapeldunaren, hazi jartzearen eme txapeldunaren eta ganadutegi onenaren aukeraketa.
- Gero, abeltzainei omenaldia eta sari banaketa.