Udalez gaindiko erakundeetako kontrol organoetan EAJk eskualdeko aniztasuna "ezabatu" duela salatu du EH Bilduk
Jeltzaleek parte hartzeari "beldurra" diotela adierazi du koalizio abertzaleak: "Jarrera horrekin EAJk eskualdearen aniztasunaren aurka egin nahi izan du, eta horrelako erakundeen gardentasuna kolokan jartzen du".
Kontrol organoetako hautagaitzak aukeratzeko unean EAJk eduki duen proportzionaltasun falta salatu du koalizio abertzaleak: “Busturialdeko Industrialdean hautagaitzarik aurkezteko aukerarik ere ez zuen eman EAJk, eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen mankomunitatean ere, proportzionaltasuna gorde barik egin zuten kargu hautaketa”.
Martitzenean Busturialdeko Ur Partzuergoaren Kontseilu Orokorra egin eta exekutiba ordezkatu zutela azaldu dute EH Bilduko agintariek. Zortzi kidek osatzen dute ur partzuergoaren kontrola: Gernika-Lumoko eta Bermeoko udal ordezkariek, URA eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek, kontseilu orokorreko kideen artean aukeratutako presidente eta presidente ordeak, eta itsasadarraren alde bietako herri txikietako ordezkari banak.
EH Bilduko eskualdeko ordezkariek esan dutenez, Mendata, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Ea, Elantxobe, Ibarrangelu eta Ajangiz ordezkatzeko bi hautagaitza aurkeztu zituzten: Joseba Mallea Mendatako alkatea eta Iratxe Arriola Eako alkatea. Lehenengoaren alde egin zuten Mendatako, Arratzuko, Gautegiz Arteagako eta Kortezubiko ordezkariek, eta Iratxe Arriolaren alde agertu ziren Elantxobeko, Ibarrangeluko, Eako eta Ajangizko udal ordezkariak. “Maiatzeko hauteskundeetako bozketan EAJren ordezkari horiek jasotako babesak 1.408 bozka batzen zituen, eta Arriolaren aldekoen bozak, berriz, 1.483 izan ziren. Egoera horren aurrean, EAJk erabaki zuen Ibarrangeluko hautagaitza indenpentearen bozkak kanpoan uztea, EH Bildu eta EAJrenak bakarrik kontuan hartuz”, salatu du Gaizka Aizpuru Ajangizko EH Bilduren zinegotziak.
Hori horrela, jeltzaleek parte hartzeari “beldurra” diotela uste du zinegotziak: “Jarrera horrekin EAJk eskualdearen aniztasunaren aurka egin nahi izan du, eta horrelako erakundeen gardentasuna kolokan jartzen du. Erakunde hauen kudeaketan lekukorik ez dutela nahi agerian geratzen da; parte hartzean mehatxua ikusten dute”.
Ur partzuergoaren kudeaketa. Martitzeneko bilera bukatu orduko, koalizio abertzaleak uraren kudeta eta kontrola eskualdean mantentzeko eskaera egin zion EAJri. Elkarlanerako gonbitea egiteaz gain, larrialdi klimatikoa deklaratzea eta eskualdeko uraren kudeaketa Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoan zentralizatzea ez datozela bat adierazi zieten: “Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko araztegi nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa kutsakorren artean laugarrena da, eta bertako azpiegiturek daukaten energia kontsumoa ez doa jasangarritasunaren paradigmarekin bat”.
Adierazpenek eta ekintzek bat egin behar dutela uste dute EH Bilduko ordezkariek, eta hori bultzatzeko politika publiko guztiak larrialdi klimatikoaren egoerara egokitu behar direla diote: “Ur politikek, politika sozialek, eta tokiko enplegu politikek zer esan handia edukiko dute karbonogabetze prozesuan”. Horregatik, hitzetatik ekintzetara igaro eta lanari ekiteko ordua dela nabarmendu dute.