80 bikotek parte hartuko dute III. UrdaiRaid abentura lasterketan
Kanpai hotsekin batera, 10:00etan, ekingo diote zapatuan [urriak 5] lehiakideek orientazioa eta estrategia batzen dituen probari, Ekoetxea Urdaibain. Korrika eginez, bizikletaz eta kayakak erabiliz burutu beharko dute ibilbidea.
Ekoetxea Urdaibaik antolatuta, kirol modalitate ezberdinak uztartzen dituen III.UrdaiRaid abentura lasterketa egingo dute zapatuan [urriak 5], Urdaibai Biosfera Erreserbako gune eta txokoetan barrena. Abentura Raiden Ipar Ligako bosgarren hitzordua da, eta 80 taldek parte hartuko dute.
Hiru kategoriatan, gizonezko, emakumezko eta bikote mistoek orientazio ibilbide bat bete beharko dute egun osoan zehar. Kanpai hotsekin batera, Ekoetxean hasiko dute parte hartzaileek 10:00etan proba, eta antolatzaileek 17:00etan aurreikusten dute lehenengoak helmugaratzea. Tartean, bidean aurkituko dituzten zailtasunei aurre egin beharko diete oinez, korrika, bizikletaz eta kayakean.
Taldeak martxan jartzen direnean, mapa bana hartu beharko dute, eta bertan izango dituzten jarraibideen arabera “estrategia bat edo beste” erabaki beharko dute. “Orientazioa eta estrategia batzen dituen proba izanik, urtero ibilbidean aldaketak egiten ditugu, beraz mapa eskuetan izan arte ez dute jakingo nondik igaro beharko diren. Gainera, hiru proba sekretu burutu beharko dituzte”.
Hasiera eta bukaeraz gain, bizikletak hartzeko gunea Ekoetxean bertan edukiko dute partaideek; kayakak, aldiz, San Antonio hondartzan izango dituzte prest. 18:30ean, partaide eta antolakuntzako kide guztiek elkarrekin bazkalduko dute, eta ostean, sari banaketari ekingo diote: “Sariak sorpresa izango dira”.
Ingurunea errespetatuz. Lehiatzen hasi aurretik, bikoteak Ekoetxeako Auditorioan batuko dira, eta lasterketaren helburu eta zehaztasunei buruzko mintzaldia jasoko dute. Hala nola, Urdaibai babestutako ingurunea dela gogoraraziz, natura zaintzearen garrantzia azpimarratuko diete, eta arauak hausten dituztenak kanporatuak izango direla ohartaraziko diete. “Garrantzitsuena UrdaiRaien helburua ondo helaraztea da. Kirolaren bitartez, modu ezberdin batean, Urdaibai ezagutzara eman nahi dugu, ingurunea errespetatuz”.