31. Surf Txapelketa egingo dute Lagan
09:30ean aurreikusten dute antolatzaileek proba hastea, "olatuen arabera". Txapelketan parte hartzeko egunean bertan eman behar da izena.
Olatu faltagatik atzeratu ostean, 31. Surf Txapelketa zapatuan [urriak 5] egingo dute, Lagako hondartzan. Ogoñope Surf Taldeak antolatuta, adin guztietako neska-mutilek lagunarteko proba lehiatuko dute. Txapelketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, eta 40 bat lagun inguratzea espero dute.
Taula hartu, bainujantzia jarri eta uretan sartzeko prest elkartuko dira surflariak Lagan. Eguraldi ona iragarri badute ere, “olatuen arabera” erabakiko dute zein ordutan hasiko duten lehiaketa. 09:30 inguruan aurreikusten dute. Egun osoan zehar, musikak lagunduta “egun zoragarriaz” gozatzea espero dute Ogoñopekoek, eta Kynay Wear etxeak emandako materiala oparituko diete irabazleei.
Antolatzaileek “jendea animatzeko” deia egin dute, “giro ona” izaten baitute urtero. Gainera, gauean, Crianza Clearwine Revival taldeak kontzertua eskainiko du Toki-alai Jatetxean.