Gure ondare naturala, beste ikuspuntu batetik
Click Taldeak inguruko fauna, flora eta paisaia naturalak biltzen dituen argazkien erakusketa prestatu du. Leku berezietan harrapatutako irudiek are erakusketa bereziagoa sortu dute.
Natura eta argazkilaritza betidanik lotura estua eduki duten alor bi dira. Paisaia naturalek eta haietan aurki daitekeen bizitzak argazkilariak edota bestelako artistak erakartzeko indarra izan du. Dauka. Izango du.
Hori gertatzen zaie Click Taldea osatzen duten argazkilariei. Pasio berberak batuta, Euskal Herria Nature erakusketa sortu dute argazkilariek. Bertan gure inguruko flora, fauna eta gune naturalak biltzen dituen argazkiak jarri dituzte ikusgai. Azaldu dutenez, arima berberagaz egindako begirada desberdinak zabaldu gura dituzte herritarren artean, bizilekuetatik hurre naturak eskaintzen dituen ikuspegiak ezagutzera emateko.
Erakusketa Busturiko Madariaga Dorretxean dago ikusgai, Ekoetxea Urdaibai zentroan, hain zuzen ere. Azaroaren 10era arte, zentrora doanak kolore eta sentipenen eztanda bategaz gozatzeko aukera ezin hobea edukiko du.
30 argazkiko bilduma horretan, ondasun naturalak 60×40 zentimetroko aluminiozko euskarrietan jarri ditu Click Taldeak, “kalitate handian inprimatuta” jarri ere. Modu horretan, leku, momentu, argi, kolore eta inguru naturalak eragiten dituen sentsazio eta sentimenduak jendarteratu gura izan dute argazkilariek.
Natura zirraragarria. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba zein Nafarroako hainbat gune natural ikusi daitezke erakusketan; Busturialdeko herritarrek, esate baterako, Gaztelugatxeko San Juan edota Mundakako Santa Katalina baseliza bezalako leku ezagunak ikusiko dituzte bertan, baina bai eta ere eremu ezezagunagoak. Besteak beste, Areatzako basoak, Izkiko Parke Naturaleko landare bereziak, Entziako mendilerroko ikuspegi harrigarriak, hegazti zein intsektuak eta Urbasara udazkenak eroaten dituen kolore bizi eta bereziak edukiko ditu ikusteko erakusketara joaten denak.
Taldekoek nabarmendu dutenez, natura ardatz hartuta lan egitea oso berezia da. Izan ere, argazkilaritzaren munduan bizi duten pasioak era guztietako lekuak bisitatzera eramaten ditu.
Horrek aparteko momentuak sortzen dituela uste dute; izan ere, beste zaletasun gutxik eskaintzen dute bakardadean horren leku izugarriekin gozatu bitartean egunerokotasunetik aldendu eta naturan murgiltzeko aukera.
Argazkilari bakoitzak berezitasunak ditu: batzuek paisaia orokorrak ateratzea gustuko dute, baina badaude animaliak eta landareak argazki kameran harrapatzen aritzen direnak ere. Guztien artean natura miretsi eta pasio hori gainerako guztien artean zabaldu gura dute beraien begiradaren bitartez.