Bermeotarrek auzo alkateak aukeratzeko bozketa egingo dute azaroaren 10ean
Hauteskunde orokorrekin batera auzo alkateak aukeratzeko prozesua egun berean izatea erabaki du Udal Gobernuak. Bederatzi auzotako bizilagunek botoa eman ahalko dute.
Agintaldi berri bat hasi eta udal korporazio berria osatu ostean, Bermeoko Udalak udalerriko bederatzi auzo alkateak aukeratzeko bozketa egiten du. Datorren azaroaren 10ean herritarrak hauteskunde orokorretarako botoa ematera deituta daudela aprobetxatuta, Udal Gobernuak egun berean auzo alkateak aukeratzeko prozedura martxan jartzea erabaki du.
Modu horretara, hauteskundeetarako herrian zehar abian jarri beharreko “baliabideak aprobetxatu” gura ditu udalak. “Herritarrak hauteskunde orokorretarako botoa emateko mobilizatu egingo direnez, auzo alkateak aukeratzeko botoa emateko aukera ere edukiko dute”, azaldu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.
Hala, Bermeoko auzo desberdinetako bizilagunek bertako auzo alkatea aukeratzeko bozketa egingo dute azaroaren 10ean. Auzo alkateei botoa emateko hautestontziak 09:00etatik 20:00etara zabalik egongo direla jakinarazi dute udaletik.
Bermeotarrek aukeratuko dituzten auzo alkateak Agarre, Almika, Gibelortzaga, Artika, Arronategi, Demiku, Mañu, San Andres eta San Migel auzoetakoak izango dira.