Kerman Lejarragak ezin izan du Welter pisuko Europako titulua berreskuratu
David Avanesyan errusiarrak tituluaren defentsa indartsua egin zuen zapatuan [irailak 28], Miribillan. Morgako errebolberrak superwelter pisura salto egingo duela adierazi du.
Kerman Lejarraga boxeolariak Welter pisuko Europako titulua eskuratzeko borrokaldia galdu zuen zapatuan [irailak 28], KO teknikoz. Martxoaren 30ean David Avanesyanek kendu zion garaikurra berreskuratzeko aukera izan zuen Morgako errebolberrak Miribillan, baina ezin izan zien animatzera joan zitzaizkion 8.0000 zaletuei gerrikoa eskaini. Lehen borrokaldia amaitu aurretik epaileak borroka eten zuen, Lejarragak ezin izan baitzuen zutik mantendu.
Boxeolari errusiarraren aurka galdu zuen Lejarragak bere ibilbide profesionalean lehen aldiz, eta orain arte izan duen aurkari gogorrena dela baieztatu da, izan ere, bigarren saiakeran ere ezin izan du Avanesyan mendean hartu. Indarberrituta, titulua berriz ere Morgara eramateko asmoz igo zen lauki gainera bizkaitarra, aurreko borrokako hutsegiteak ez errepikatzeko helburuarekin.
AEBetan prestatu du Lejarragak Avanesyanen aurka zehaztutako hitzordua, eta Miribillan, ikasitakoa praktikan jartzeko gogoz ekin zion lanari. Lehen segundoak bareak izan ziren, bi aurkariak elkar aztertu ziren, eta lehen kolpea nork emango adi zeuden ikusleak. Errebolberra izan zen ausartena, baina bere eskuinkada ezerezean gelditu zen. Errusiarrak morgarraren hutsegitea aprobetxatu eta erantzun gisa jaurtitako eskuinkada indartsu batek harridura sortu zuen Miribillan.
Avanesyanen lehen erasoari kolpe zaparrada batek jarraitu zion, eta Lejarraga oholtzara erori zen. Zutitu eta lehiatzen jarraitzeko indarrak izan bazituen ere, ezusteko galanta jaso zuen. Baina ezustekoa amesgaizto bilakatzear zegoen. Lehen borrokaldia bukatzeko 40 segundo besterik falta ez zirela, errusiarraren ezkerkada batek erabakita utzi zuen hitzordua: oholtzara erori zen bigarrenez Lejarraga, eta epaileak borroka eten zuen KO teknikoa adieraziz.
Kirolariak, bere taldeak eta zaletuek ez zuten erabakia ulertu, eta bizi protestatu zuten. Ez zegoen atzera bueltarik baina, eta Avanesyanek Walter pisuko Europako titulua arrakastaz defendatu zuen.
Pisu igoera. Morgako errebolberrak welter mailan lehiatzeko gehienezko pisua (66,68 kilo) mantentzen zailtasunak izan zituela adierazi du MGZ Promotionsek borrokaldiaren osteko komunikatu batean, eta boxeolariak superwelter mailara (69,85 kilo) salto egiteko asmoa duela esan du: “Datozen asteetan baieztatuko dugu maila igoera, izan ere, oso nekeza da pisua igotzen eta jaisten egon beharra”.
Atseden egun batzuen ostean berrartuko ditu Lejarragak entrenamenduak, eta burua superwelter mailan dauka jada. “Jendea lasai egon dadila, Kerman luzerako daukagu”, aitortu zuen boxeolariak berak borrokaldiaren ostean egin zituen aitorpenetan. Aurretik ere lehiatu izan du bertan, gainera, Luis Solis mexikarra menderatuta Superwelter pisuko WBC Latino gerrikoa berea du.