Garaipenagaz ekin dio Lointek Gernika Bizkaiak Dia Ligari
Zaragozan lehiatu zuen talde gernikarrak zapatuan [irailak 28] Open Day-a, eta 66-59 menderatu zuen Nissan Al-Qazeres. Jokalariek eta entrenatzaileak oraindik ere hobetzen jarraitu behar dutela azpimarratu dute.
Sufrituta baina, garaipenagaz ekin dio Lointek Gernika Bizkaiak Dia Ligari. Zapatuan [irailak 28] lehiatu zuten Open Day-a, Zaragozan, eta talde gernikarrak 66-59 menderatu zuen Nissan Al-Qazeres.
Aurkaria lehen minutuetatik estu hartzeko asmoagaz, Mario Lopez entrenatzaileak bosteko indartsua atera zuen kantxara , eta hasiera-hasieratik aurretik jarri ziren markagailuan. Nikolina Milic eta Belen Arrojoren saskiratzeek abantaila eman zioten taldeari (4-0), eta partiduak kolore bakarra izango zuela zirudien. Baina laster hartu zuten martxa Nissan Al-Qazereseko jokalariek, lehen laurdena oso orekatua bilakatuz (19-16).
Bizi atera ziren bi taldeetako jokalariak bigarren laurdenean, baina aurkariarekiko aldeak bere horretan jarraitzen zuen. Nahiz eta erasoan ondo aritu, Lointek Gernika Bizkaiak ez zuen neurketa guztiz kontrolpean mantentzea lortzen (22-18). Hala, Lopezek etenaldia eskatu eta estrategiaz aldatzea erabaki zuen. Kantxan bizkor mugitzen hasi zen bostekoa, eta hiruko jaurtiketak bata bestearen atzetik saskiratu zituzten Arrojok eta Julie Wojtakek. Nissan Al-Qazereseko Jannie Simmsek soilik eman zizkion bere taldeari puntuak, eta atsedenaldian markagailuak 37-22 zekarren.
Hirugarren laurdenean arintasuna falta izan zitzaion Lointek Gernika Bizkaiari, eta aukera ondo aprobetxatu zuten aurkariek. Aldea gutxitzea lortu zuten, eta Lopezek beste behin etenaldia eskatu zuen. Indarberrituta, partiduaren kontrola berrartu zuen talde gernikarrak Nogaye Loren saskiratzeei esker (50-42).
Azken txanpan lasaitu egin ziren markagailuan nagusi zirenak, eta hiru puntutaraino hurbildu zen Nissan Al-Qazeres (53-50). Margaret Roundtreek “lan ona” egin zuen defentsan, eta talde gernikarraren estrategia erasokorrak berriz handitu zuen tartea (59-52). Hala ere, Simmsek, oldarkor, beregain hartu zuen taldea aurrera eramatearen erantzukizuna (61-58). Partidua bukatzeko minutu t’erdi falta zela, lehia estua aurreikusten zuten bi taldeek. Nissan Al-Qazereseko Božica Mujovićek jaurtiketa libreak huts egin eta Wojtak erabakita utzi zuen azken unean Dia Ligako lehen jardunaldia.
Jokalariak “pozik” azaldu dira emaitzarekin, baina “lanean jarraitu” behar dutela esan dute. Lopezek, bestalde, “defentsan ondo” aritu direla azpimarratu du, baina erasoan oraindik ere “zer hobetu” badutela ohartarazi du: “Ez da erraza izango partiduak irabaztea, taldeek egitura indartsuak eratu dituzte”.